Elbarritasuna duten pertsonak lan merkatuan txertatzen jardun du Gureak-ek duela 50 bat urtetik; lanerako aukerak eragin positiboak ditu onuradunengan, baita enpresarengan ere.
Langileak trebakuntzarako duten Akademy Kafean.
Lana lortzea oztopoz betetako bidea izaten da maiz edozein pertsonarentzat, eta, zoritxarrez, ia ezinezko misioa bihur daiteke elbarritasunen bat dutenentzat. Bide hori samurrago egin asmoz sortu zen 1975. urtean Gureak enpresa gipuzkoarra.
Elbarrien lanbideratzea sustatzea da Gureak-en helburua, ikuspuntu asistentzialistatik ihesi, lan aukera egonkorrak sortuz, ahalik eta esparru gehienetan.
Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman dira premia bereziak dituzten pertsonen inklusio laboralaren bidean. Hasieran elbarritasun intelektuala zuten pertsonekin lan egiten zuen bakarrik Gureak-ek, eta urteen poderioz beste taldeei ere zabaldu die aukera. Gaur egun, elbarritasun intelektuala, fisikoa, sentsoriala… guztiek dute tokia Gureak-en enpresetan, eta geroz eta gehiago, baita gaixotasun mentalak ere.
Apustu errentagarria
Oztopoak, baina, egon badira, eta ez nolanahikoak. Lanbideratze horretan premia bereziak dituzten pertsonek gizartearen aurreiritziak gainditu behar izaten dituzte gehienetan, eta horregatik hain justu, Gureak-en eguneroko borroka da elbarritasunak dituzten pertsonen lan gaitasuna erakustea. Egoera hobera aldatzen doa, zalantzarik ez da, baina gizartean bada bide luze bat egiteko, oraindik ere oso gutxi direlako elbarriak kontratatzen dituzten enpresak.
865
Gureak-en langile kopurua bi eskualdeetan.
Bidasoan eta Oarsoaldean elbarritasun ziurtagiria duten 865 lagun ari dira Gureak-en lanean. Horietatik %66 gizonak dira
Apustua egin duten enpresek, aitzitik, ez dute damurik, zailtasunak dituzten pertsonak lantaldean integratzeak onura ikaragarriak izan ohi dituelako, ez bakarrik kontratatutako pertsonen lan gaitasunarengatik, baizik eta beste balore batzuk ere ematen dizkiolako lantalde osoari: motibazioa, hobetzeko grina, talde kohesioa… Plantilla osoan eragin ohi du erabakiak.
Sektore askotan
Sektore askotan eta orotariko esparrutan ari dira gaur-gaurkoz lanean elbarritasunak dituzten pertsonak. Industriaren esparruan, esaterako, oso indartsu dago Gureak, automozioa bezalako nazioarteko sektoretan sendo errotuta.
Baina soilik industrian ez. Beste esparru askotan ere presentzia nabarmena dute. Lorezaintzan, mantentze lanetan, garbiketan, ostalaritzan, inprentetan… Gaur egun 5.000tik gora pertsona ditu plantillan Gureak-ek.
«Lanak borrokatzeko gogoa ematen dizu»
Maite Artola Sanmarkoseneko kafetegiko langilea.
Maite Artola uztailean hasi zen lanean Errenteria-Oreretako Sanmarkoseneko zaharren egoitzako kafetegian; oso pozik dago eman dioten aukerarekin, bizimodua erabat aldatu diolako.
Hilabete batzuk dituzu Sanmarkoseneko kafetegian lanean. Zer moduz daramazu?
Esperientzia oso ona izaten ari da, bikaina.
Aurretik bazenuen esperientzia lan esparru honetan?
Nire familiak jatetxea izan zuen, eta bere garaian bertan lan egin nuen. Horrek, nahi hala ez, eskarmentua ematen dizu, oinarri bat ematen dizu.
Dendari ere aritu izan naiz, bi dendatan. Hilabetez Zumarragako Ospitalean aritu nintzen ere, garbiketan, eta horrez gain, Legazpin, Gureak-en tailerrean.
Lan munduan eskarmentua baduzu, beraz.
Bai, bai… Ez naiz geldirik geratu.
Etorkizunera begira zeintzuk dira zure nahiak?
Lan ordu gehiago egin nahiko nituzke. Hiru orduko jarduna dut, eta oso motz geratzen zait.
Hemengo lanaz zer da gehien maite duzuna?
Jendearekin harremanetan egoteko ematen dizun aukera. Jendeak asko irakasten dizu, ez soilik profesional gisa, baita pertsona bezala hazteko ere.
Zuretzako zer suposatu zuen lana lortzeak?
Albistea eman zidatenean Gurutze Gorrian nengoen, ingresatuta, eta bi albiste eman zizkidaten batera: Irunera nindoala nire bizimodua egitera, eta kafetegian lanean hasiko nintzela. Ezin nuen sinistu ere egin. Sentsazio nahasketa handia izan nuen. Poz handiz hartu nuen albistea.
Zergatik izan zinen ingresatua kontatu nahi duzu?
Depresioak jota nintzen, nahiko gaizki. Hamabi kilo galdu nituen denbora gutxian, eta nire kabuz joan nintzen Gurutze Gorrira, laguntza eske.
Orain nola zaude?
Jaungoikoari eskerrak, oso ondo.
Lana lortu izana erabakigarria izan da zuretzat? Zertan lagundu dizu?
Laguntzen dizu aurrera egiten. Lanak borrokatzeko gogoa ematen dizu, aurrera egiteko bultzada, gauza gehiago egiteko gogoa… Zure burua gehiago estimatzeko ere ona da. Bide batez, norbait laguntzeko aukera suertatzen bada, bada, horretarako ere bagaude.
Espektatibak hobeak dira orain, ezta?
Bai, gaur egun ez da erraza gustuko duzun tokian lan egiteko aukera izatea, eta hori gauza handia da.
«Zailtasunak dituztenek ez dute inoren menpeko izan nahi»
Mikel Iriarte lan prestatzailea.
Lan prestatzaile aritzen zara Gureak-en. Zer da zehazki egiten duzuna?
Guk pertsonari laguntzen diogu bere lanpostuan modu egokian txertatzen. Bere beharren arabera, egokitzapena egiten dugu. Pertsona batzuk bidean laguntza behar dute, edo garraio publikoa kudeatzen, edo segurtasun falta dute eta hasiera batean babesa behar dute…
Behin lanean hastean, behar dituzten erreminta fisikoak eman, eta behar duten formazioa ematen diegu, lanpostuan bertan.
Aurretik , orientazio departamentuarekin elkarlanean, zailtasunak aurreikusi, eta guk laguntza txikiak ematen dizkiogu lanean hasi berriei.
Hasieran jardunaldi osoan gaude beraiekin lanean, eta laguntzen diegu ahal den guztian.
Maite Artolaren kasua zuk jarraitu duzu. Nola eragin dio lanpostua lortu izanak?
Oso modu positiboan. Batez ere bere umorean igarri da, oso pozik dago eta oso pertsona autonomoa bihurtzen ari da.
Nik teknikoki ez diot asko erakutsi, berak baduelako esperientzia bat, eta urtebeteko formazio bat ere jaso duelako Gureak-en Akademi Kafean.
Hasieran, hala ere, dena zen berria; hornitzaileak, bezeroak… eta inguru berrira moldatzen lagundu diot.
Gainera, hemen kafetegia berak bakarrik darama. Aurreko lanean lankideak zituen, nagusi bat zuen… baina kasu honetan zerbitzu osoa bera kudeatzen ari da.
Kasu honetan, Egokituz programarako ari zara zehazki. Zer da Egokituz?
Europako Gizarte Funtsak eta aldundiak finantzatzen duten programa bat da, lanpostuen egokitzapenaren bidez, elbarritasunak dituzten pertsonen lanbideratzea errazteko.
Zure eskarmentutik, lanerako aukerak pertsonengan duen eraginaz zer nabarmenduko zenuke?
Lan batek duintasuna ematen dizu. Gizarte bazterketan dauden pertsonek, edo lan munduan sartzeko zailtasunak dituztenek, ez dute subentzionatuak izan nahi, ez dute inoren menpeko izan nahi. Lanak duintasuna ematen dizu. Zuk, zure lana egiten duzu, zure esfortzua, eta zure saria daukazu. Horrek ematen dizun gogobetetasuna soldatatik harago doa.
Enpresetan nolako harrera izaten duzue?
Normalean oso harrera ona. Ez da izaten inolako arazorik. Tabuak puskatzen dira, eta gauza oso positiboa da, ez soilik lanean hastera doan pertsonarentzat, baita enpresarentzako ere. Gainera, lanean tabu bat puskatzean, efektua hedatzen joaten da pertsonaren inguru osoan, bikotekidean, familian, lagunetan… Transmisio hori ere gertatzen da halakoetan.