SPIk udal gobernuak Gaztela-Mantxako gizarte klausulen testua kopiatu izana berretsi du.
SPI eta EH Bilduk gizarte klausuletan udal gobernu taldeak egindako kudeaketa salatu ondoren, udalak defendatu egin du aurkeztutako zirriborroa, eta haatik, gaitzetsi egin du bi udal taldeek kritikak egiteko komunikabideak erabili izana.
SPIk, berriz, berretsi egin du udal gobernuak Gaztela-Mantxako gizarte klausulen testua kopiatu izana, eta
lotura bat zabaldu du Gaztela-Mantxako testura eramaten duena. “Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak”, gaineratu du.
Udalak kudeaketari erreferentzia egin dio, eta bozeramaileen batzordeak zirriborroa abenduaren 16an onartu zuela esan du, eta hilaren 25era arte euren ekarpenak egiteko aukera izan dutela gogorarazi du. Gainera, joan den astean egindako bozeramaileen batzordean bi taldeetako inork ez zuela ez kritikarik egin ez dokumentua aztertzeko denbora luzapenik eskatu adierazi du.
Dokumentuari dagokionez, bere konplexutasuna nabarmendu du, eta horrekin justifikatu du testua egiten iraun duen denbora. Udalaren zirriborroan Gaztela Mantxako araudia agertzen dela onartu du, baina beste administrazio batzuk ere aipatu ditu Gasteizko Udala, horien artean. Bestalde, ELAren proposamena nahiz orain arte egindako ekarpenak kontuan hartu dituela esan du. Horrez gain, “bertako testuingurura erabat egokituta” dagoela adierazi du. Azkenik, zirriborroa idazteko ardura profesionalen esku utzi duela jakinarazi du.
Edukiari dagokionez, hala nola, irisgarritasun unibertsala, lengoaia ez sexista, iraunkortasuna, gardentasuna, lan hitzarmen kolektiboak betetzea, arrisku prebentzioa, etengabeko formakuntza, subrogazioa, adingabekoen babes juridikoa, berdintasuna eta kontziliazioa bezalako kontzeptuak kontuan hartzen dituela azaldu du.
“Akordiorako borondate falta”
SPIren arabera, udalaren jarrerak agerian uzten du akordiorako duen borondate falta. Horrez gain, ekarpenak egiteko epe muga ez zutela ezagutzen adierazi du, eta hori “ohi bezala” prentsaren bidez jakin zutela. Edonola ere, ekarpenak egingo dituztela berretsi du. Azkenik, udalak aipatzen dituen testuei ez zaiela erreferentziarik egiten adierazi du SPIk, eta, oro har, udalak gizarte klausulekiko duen konpromiso eza salatu du.
David Soto SPIko bozeramailea eta Jokin Melida EH Bildukoa