Atzo, Bakearen Egunarekin, ekitaldia burutu zuten jolastokian. Astean zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte, bakearekiko konpromisoa azaltzeko.
Errefuxiatuen egoera landuko dute Bakearen Astean. Irudian, Nazio Batuetako kasko urdinak
Atzo, hilak 30, Bakearen Nazioarteko Eguna izan zen eta Hondarribiko San Jose ikastetxean ere ospatu zuten, Bakearen Astea abiatzeko bazkalostean jolastokian burutu zuten ekintzarekin: “Bertan bakearen eguneko ospakizunaren zergatia azaldu genien ikasleei, otoitz egin, musika jo eta abestu, eta uso zuria askatu genuen, bakea gure herritik zabaldu nahi dugunaren seinale gisa”.
Atzoko ekitaldiaz gain, beste zenbait jarduera antolatu dituzte ostirala arte, “semaforoak marraztu bake mezuaz, paperezko usoak egin, eskola girotu geletan egindako eskulanez, tutoretzako saio bereziak, San Gabriel Zaharren egoitzara bisita egin hango aitona-amonekin bakeari buruzko lantxo batzuk egitera…”. Gainera, hitzaldi bat antolatu dute gotzaindegiarekin batera. Berrikuntza bezala, bake ginkana egin zuten atzo: “gure buruak errefuxiatuen lekuan jartzeko eta beraiek bizi duten egoeraz jabetzeko”.
Eskolatik nabarmendu dutenez, hezkuntza komunitate osoak parte hatzen du ekitaldietan: “mojek, gurasoek, ikasleek, irakasleek eta gainontzeko langileek”.
Egunero landu behar da
Egunero hobetzen joateko lan egiten dugu leloarekin ari dira Bakearen Astea ospatzen San Jose ikastetxean. “Urte osoan erabiltzen ari garen leloa da, pentsatzen dugulako egunero bakearen alde lan eginez gero gure inguruan daudenengatik lorpen handiak izan ditzakegula”. Izan ere, San Jose ikastetxean adierazi duenez, eguneroko lana da bakea: “Gure ikastetxeak konpromiso hau hartu zuen aspalditik, eta egunero saiatzen gara bakearen alde lan egiten, gure eta ikasleen arteko gatazkak modu egokian argitzen eta lantzen”.
Uso zuri bat askatu zuten atzoko ekitaldian, “bakea zabaldu dezan”