Puntu bat gutxi da, baina agian balio dezake
Ohorezko Mailako taldeak bana berdindu du etxean Vasconiaren kontra. Aurkariek ez dute hutsik egin, soilik Aloña Mendik galdu du.
Hondarribiak berdinketa baino ez zuen lortu larunbatean Vasconiaren kontra. Garaipena behar zuen taldeak baina, saiatu arren, ezin izan zuen eskuratu. Orohar, partida ona egin zuen taldeak, txukun defentsan eta une askotan baloiaren jabe izanez. Gol aukerak sortu zituen ere, baina ezin bigarren golik egin. Taldearen beharrak ikusita gutxi dirudi berdinketa, baina okerrago izan zitekeen galtzea. Gainera, jokalarien jarrera ikusita berandu gabe iritsi beharko luke garaipen hori eta une horretan zaleen bultzada nabariagoa izango da. Aurkari zuzenei dagokienez, Aloña Mendi izan da asteburuan galdu duen bakarra. Elgoibarrek, Ostadarrek eta Martutenek berdinketa lortu zuten, eta Beti Gaztek irabazi. Martutenek jarraitzen du azken tokian 9 punturekin, 14 ditu Hondarribiak, 17 Beti Gaztek, 18 Ostadarrek eta Aloña Mendik eta 21 puntu Elgoibarrek. Datorren jardunaldian Deban jokatuko du Hondarribia FEk, Amaikak Bat taldearen kontra. Multzoko erdialdean daude debatarrak, 30 punturekin. Garaipenaren bila joango dira hondarribiarrak, baina ez galtzeak ere balio lezake. Hori, denboraldiko azken txanpan ikusiko da.