Arazoak dituzten hiri multzoak aztertuko ditu udalak, eta ekintza plan bat aurkeztuko die bizilagunei.
Eraikin eta etxebizitzen mantenua egin eta leheneratzeko plana zabaldu egin du Irungo Udalak, eta hemendik aurrera, hiri multzoak ere hartuko ditu kontuan. Horren bidez, “gabeziak dituzten etxebizitzetan bizi direnen baldintzak hobetzea” da udalaren helburua, Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziaren esanetan.
Horren arabera, arazoak dituzten hiri multzoak aztertuko ditu udalak; hala nola, irisgarritasun edota bizirauteko beharrezko baldintzak betetzen ez dituztenak, baita isolamendu termiko nahiz akustiko edo energia eraginkortasun arazoak dituztenak ere. Iñigo Loiola kalean hasiko dira egiten.
Azterketa horretan, zehazki, dagokion hiri multzoa leheneratzeko informazioa jasoko dute lehenik, eta, ondoren, eraikinen egoeraren gaineko diagnostiko tekniko bat egingo dute. Azkenik, jabeei behar diren hobekuntzak egiteko proposamen bat helaraziko diete.
Era berean, bizilagunekin hitz egingo dute, eta irtenbideen berri emateaz gain, zenbat kostatuko duen eta lanek zenbat iraungo duten azalduko diete. Bukatzeko, hainbat administrazioek indarrean dituen diru laguntzak ezagututa, zein eredu jarraituko duten erabakiko dute.
Xabier Iridoy Hirigintza zinegotzia planaren berri ematen.