SPI eta EH Bilduren arabera, urtebete eta gero, udalak aurkeztutako araudia Gaztela-Mantxako testuaren kopia bat izan da.
Gizarte klausulen gaineko araudiaren gaineko eztabaida luze irauten ari da Irunen.
Iazko otsailean Si Se Puede Irunek (SPI) mozio bat aurkeztu ondotik, hurrengo hilabetean bertan araudia egiteko asmoa azaldu zuen udalak, elkarlanean. SPI eta EH Bilduk gogorarazi dute orduz geroztik ia urtebete igaro dela, eta,
orain, igorri diela udalak araudi zirriborroa, azaroan udalbatzak ELAk aurkeztutako araudi proposamena –SPI eta EH Bilduk babestutakoa– atzera bota eta udalaren mozio alternatiboa babestu ondoren. “Urtebete behar izan dute zirriborroa egiteko, eta oposizioari hamalau egun baino ez dizkigute eman dokumentu guztia aztertzeko”, esan dute David Soto SPIko bozeramaileak eta Jokin Melida EH Bildukoak.
Baina dokumentuaren edukia ere ez dute begi onez ikusi bi udal taldeek; are gehiago, Gaztela-Mantxako araudiaren kopia bat dela adierazi dute. Hala nola, kontratatzeko debekuak ez direla agertzen azaldu dute, ezta gizarteratze enpresen zein enplegu zentro berezien erreserben erregularizazioari aipamenik egin ere. “Irungo errealitatera ez dute egokitu”, salatu du Sotok.
“Adarra jo baligute bezala sentitzen gara” adierazi du Melidak, baina, edonola ere, bi taldeek ekarpenak egingo dituztela argi utzi du, eta udalari “seriotasun eta konpromisoa” eskatu dio.
David Soto SPIko bozeramailea eta Jokin Melida EH Bildukoa