CardiOK programa abiatu dute bigarrenez Osasun Kirolek eta Hondarribiko Udalak, gaixo kardiobaskularren bizitza kalitatea handitzeko.
Tratamentu pertsonalizatua da Cardio OK, urtebete irauten duena
Gaixotasun kardiobaskularrak dituztenentzako CardiOK osasun programa abiatu dute bigarrenez Hondartza kiroldegiko Osasun Kirol bulegoak eta Hondarribiko Udalak. Asteazkenen egin zuten egitasmoaren aurkezpena eta Kalixa Silanes kirol zinegotzia jarri zen Josetxo Aramendi medikuaren esanetara. Silanes osasun arazoak dituzten herritarrei zuzendu zitzaien: “Inoiz ez da beranduegi kirola egiteko, are gehiago, gaixoen daudenak dira ariketarekin onura handiena jasotzen dutenak”. Izena emateko eta udalaren diru laguntza jasotzeko zer egin behar den jakiteko, BAZ bulegotik pasa edo 943 11 12 82 telefono zenbakira deitu behar da.
Aramendi da programaren arduraduna eta bere hitzetan, CardiOK programarekin botikek eskaintzen dituzten onurak gainditzea lortzen dute. “Botiken kostuak oso altuak dira eta albo-ondorio asko dituzte. Ariketa fisikoak ez du horrelakorik eta, gainera, ez dago botikarik hainbeste gaixotasunen aurrean onura sortzen dituenik”.
Bigarrenez egin du udalak bat Osasun Kirolen ariketa programarekin, eta Aramendik eskerrona adierazi zion Silanesi. “Funtsezkoa da entitate publikoek mota honetako programekin elkarlan egitea, bereziki programa hauetako pazienteei ariketa fisikoa egiteko erarik egokiena erakusten zaielako, programa beraien berezitasun fisikoei moldatuz”.
Zinegotziak gaineratu zuen harremanetan jarri direla gaixotasun kardiobaskularrak dituzten herritarrekin, CardiOK programa probatu dezaten: “Emaitza onak ematen ditu eta bizi kalitatean eragingo die. Aldizkako klaudikazioa edo erakusleihoen gaixotasuna, iktusa, gaixotasun koronarioa edo bihotz gutxiegitasuna duten pertsonengan eragiten du gehien”.
Informazio gehiago behar duenak,
Osasun Kirolen webgunean aurkitu dezake. Bestela, otsailaren 7an hitzaldia emango du Aramendik Kasino Zaharrean, 17:30ean. CardiOk programa zertan datzan azalduko du medikuak hitzaldi horretan.