Arantxa Tapia sailburuak Hondarribiko udaletxea bisitatu du lan bileran eta Jaurlaritzak saregileentzako eraikina egingo duela jakinarazi du.
Altuna, Tapia eta Sagarzazu, asteazkeneko lan bileran
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegitura sailburua Txomin Sagarzazu alkatearekin eta Juan Mari Altuna alkateordearekin elkartu da aste honetan, azpiegiturei lotutako lan bilera burutzeko. Asteazkenean izan zen bilera hori, Hondarribiko udaletxean.
Hondarribiko Udalak azaldu duenez, Higer Itsasargirako errepideaz, Zubieta-Urdanibia etorkizuneko parkeaz, Arrantzaleen Kofradiako sare-konpontzaileentzako lokalaz, eta Benta eremuaren etorkizuneko berrantolaketaz mintzatu dira alkatea eta sailburua.
Bilera oso emankorra izan zela adierazi du alkateak. Hala, farolako bideko mendi-hegala egonkortzen laguntzeko konpromisoa azaldu zuen Tapiak, eta 2017ko aurrekontu proposamenean horretarako partida bat azaltzen dela gaineratu zuen. Era berean, Jaurlaritzak saregileentzako eraikin berri bat egiteko asmoa duela azaldu zuen sailburuak bileran, eta obrak aurten hastea espero dutela esan du Sagarzazuk.
Bukatzeko, Bentako garapenari dagokionez, Donostia kaleko aparkalekuari lotuta egongo dela iritzi dute bi erakundeek. Hori horrela, Jaurlaritzak aparkalekuaren bidegarritasuna zehazteko aurre-azterketa diruz laguntzea adostu zuten asteazkenean.