Udal gobernuak bost bilera ireki egingo ditu beste hainbat lekuetan, 2017ko aurrekontua azaldu eta iradokizunak biltzeko.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten aurrekontua
Hilaren 30etik hasita, hondarribiarrekin bilera irekiak egingo ditu udal gobernuak, 2017ko udal aurrekontuaren berri eman, zalantzak argitu eta iradokizunak jasotzeko. Lehen bilera Mendelun egingo dute, datorren astelehenean, 19:00etatik aurrera. Udalak jakinarazi duenez, Txomin Sagarzazu alkateak berak parte hartuko du bileretan, gobernuko beste kideren batekin batera.
Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak azaldu duenez, bost bilera egingo dituzte eta bostak irekiak izango dira: “Argi utzi nahi dugu bilera guztiak irekiak direla, nahiz eta toki desberdinetan egin, edozein hiritar edo interesa duenak hurbil daiteke bilera hauetara”.
Lehen lau hitzorduak astelehenetan egingo dituzte; azkena, aldiz, asteartez. Bilera guztiak ordu berean hasiko dira, arratseko zazpietan.
Aurrekontua azaltzeko bilerak
- Urtarrilak 30. Mendeluko egoitzan.
- Otsailak 6. Amute-Kostako Auzo Elkartean.
- Otsailak 13. Kultur Etxean (Alde Zaharra).
- Otsailak 20. Itsas Etxea Auditoriumean.
- Otsailak 28. Alkartasuna elkartean (landa eremua).