Hamabi partida jokatuta, zortzi irabazi ditu eta lau galdu. Bosgarren tokian bukatu du liga erregularreko lehen erdia.
Defentsako lana da Express Hondarribia Ikasbasket taldearen armarik onena
Asteburuan jokatu ez duen arren, multzoko goiko aldean jarraitzen du Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak. Atseden hartu duen azken taldea izan da eta, hortaz, hamabi partida jokatuta daude ligako hamahiru taldeak.
Gauzak horrela, urteko helburua berrikusteko aukera dute Euskadiko Bigarren Mailako taldeek. Ganix Mironen neskek lehen itzulia bosgarren tokian bukatu dute, zortzi garaipen eta lau porrotekin. Laugarrena eta seigarrena puntu berekin daude, hirugarrena puntu bakarrera, eta bigarrena bi puntura. Campus Promete taldeak bukatu du lehen itzulia lidergoan, partida bakarra galduta.
Bi dira Bigarren Mailatik lehenera igoko diren taldeak, liga erregularra lehen tokian bukatzen duena eta sailkapen fasea irabazten duena. Sailkapen fasea lau taldek jokatuko duenez, eta lehen itzulia bosgarren bukatu duenez, lauko igoeran fasean parte hartzea izan daiteke hondarribiarren helburua.
Bigarren itzuliko lehen partida etxean izango du Express Hondarribia Ikasbasketek. Larunbatean jokatuko dute, 19:30ean, Hondartza kiroldegian. Aurrean, Askartza Claret taldea izango dute. Erasoan talde ahulena da bizkaitarra eta hiru garaipen baino ez ditu lortu orain arte.
Sendo ari dira Bigarren Mailan
Lehen urtea du Ikasbasket taldeak Euskadiko Bigarren Mailan, eta sendo hasi du ibilbidea. Iazko igoera faseko jokalari onenarik gabe —Candy Navarrok taldea utzi zuen ama izateko—, sailkapeneko aurrekoekin lehiatzeko maila badutela erakutsi dute hondarribiarrek.
Lau partida galdu dituzte, baina horietatik hiru 4 puntu edo gutxiagoko aldearekin. Multzoko defentsa onena du taldeak, bataz beste 49 puntu jasotzen ditu partidako. Hori da euren indargune handiena, liga erregularraren bukaeran lehen bost postuetan bukatzeko armarik onena.