Trenbidera bideratutako espazioa, Inmigrazio eraikina eta Alberto Larzabal kaleko apartamentuak izan dira landu dituzten gaiak.
Azken egunetan bilerak eduki ditu Jose Antonio Santano alkateak hainbat instituzioetako ordezkariekin, hiriko hainbat proiektu estrategiko aktibatzeko asmoz. Besteak beste, trenbidera bideratutako espazioa, Inmigrazio eraikina eta Alberto Larzabal kaleko apartamentuak izan dira landu dituzten gaiak.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuarekin egindako bileran “sintonia eta akordioa” izan zirela azaldu du Santanok trenbidera bideratutako espazioa errekuperatzeko proiektuaren inguruan. Santanoren arabera, Aduana kalean eragingo luke horrek. 50.000 metro koadroko espazioko gunea da, eta Espainiako Estatuak du jabetzan. Asmoa jarduera ekonomikoa eta berrikuntza sustatzea dira, alkatearen hitzetan. Bilera horretan begi onez ikusi zuen Eusko Jaurlaritzak egitasmoa, eta, orain, protokolo mahai bat deitu nahi dute, ordenantzak aurrera egiteko.
Bestalde, hainbat zoru erosteko garaian koordinatzeko prest agertu ziren bi aldeak, horietan enpresa arloko ekimenak martxan jartzeko.
Zerga agentziaren eraikina uzteko akordioa
Espainiako Gobernuak San Migel auzoan duen Inmigrazio eraikina uztea hitzartu du Madrilgo gobernuaren ordezkaritzarekin Santanok. Asmoa gazteentzako apartamentuak egitea da, alokairuan, eta, bestetik, auzoko bizilagunek erabiltzeko espazio bat irekitzea.
Horri lotuta, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuarekin ere bildu da alkatea, eta Irunen etxebizitzaren arloan martxan diren proiektuen gainean hitz egin zuten. Hala, Alberto Larzabal kaleko gazteentzako apartamentuen egitasmoa lizitatu duela berretsi zion Jaurlaritzak.
Bestetik, Irun, Hondarribia eta Hendaia (Plaiaundiko parke naturaletik) lotuko dituen bidegorriaren gaineko proiektua ere lizitatu dutela jakinarazi du Santanok.
Arantxa Tapia sailburuak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak egindako bilera (Argazkia: Twitter, Arantxa Tapia).