Ama Guadalupekoa Judo Taldeak hiru domina lortu ditu etxeko Espainiako Super Kopan, Aitor Goikoetxeak urrea eta Javier Estevasek eta Jon Pascualek brontzea.
Goikoetxea, Estevas-Guilmain eta Pascual, antolatzen ibili ziren taldekideekin
Urre bat eta bi brontze, hori da etxeko judokek larunbatean Jostaldin egin zen XXV. Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketan lortutako emaitza bikaina. Aitor Goikoetxeak urrea lortu zuen -60 kiloetan eta Javier Estevas-Guilmanek brontzea pisu berean. Jon Pascualentzat izan zen beste brontzea, -81 kiloetan.
Azken urteetan Super Kopa kategoria du Hondarribiko torneoak, hau da, kopetan maila gorena. Orotara, 400 kirolari inguruk parte hartu zuten txapelketan. Espainiako Estatuko federazio guztietako ordezkariak lehiatu ziren Jostaldin, baita Frantziako eta Portugaleko selekzioetako hainbat kide ere. Hondarribiko klubak, gurasoei eta antolakuntzan lagundu zuten guztieei eskerrak eman dizkie: “Paregabeak dira, hain handia da maila honetako txapelketa antolatu ahal izateko egiten duten lana, ez baitago gure eskerrona adierazi dezakeen hitzik”.
Kadete adinekoak izanik, inguruko presioak gaindituta etxean urduri lehiatu ohi dira judokak eta zaila izaten da norberak bere etxean emaitza onak lortzea. Baina aurten sekulako uzta eskuratu dute hondarribiarrek, urre bat eta bi brontze, iaz lortutakoa gaindituz —zilar eta brontze bana lortu zituzten—. Dudarik gabe, beste urrrezko belaunaldi bat eman du Hondarribiko klubak.
Goikoetxeak urrezkoa
Aitor Goikoetxeak arantza zuen sartuta iaztik, etxeko txapelketako finalean galdu eta mina hartu zuenetik. Hamabi hilabete eta gero arantza hori kentzeko aukera izan du, eta urrezko domina lortu du etxean. Aurreko bi Super Kopetan brontze bana lortu eta gero, urrezko lehen domina lortu du Goikoetxeak denboraldian; horri, A Mailako Kopetan lortutako beste urre bat eta zilar bat gehitu behar zaio, bost domina bost txapelketetan. Sasoi bete-betean dago hondarribiarra.
Pisu berean, Ama Guadalupekoa taldeko beste ordezkariak brontzezko domina jantzi zuen, Javier Estevas-Guilmanek. Denboraldiko bigarren Super Kopa izan da Estevasentzat —Asturiasen ez zen egon—, eta lehen domina. Bere bilakaera bikaina ari da izaten, larunbatekoaz gain, Burgosko A mailako Kopan urrea lortu baitzuen, finalean Goikoetxea taldekidea garaituta.
Goikoetxea eta Estevas-Guilman Espainiako Txapelketako nahiz kopetako rankinean lehen tokietan daude Diego Fernandez madrildarrarekin batera. Ezohikoa da adin eta pisu berean hain goian dauden bi judoka izatea eta hori luxua da Ronaldo Veitia entrenatzailearentzat, bi gaztetxoek bere mailako aurkari batekin entrenatzeko aukera dutelako.
Pascual, indartsu
Jon Pascual arratsaldean azaldu zen tatamira. Beste indar erakustaldi bat eman zuen, baina epaileak zorrotzegi zigortu zuen akats txiki batek finaletik kanpora utzi zuen. Brontzeko borroka atzetik hasi zuen baina, finalerdian ez bezala, markagailua iraultzea lortu zuen eta irribarre batekin bukatu zuen jardunaldia.
Jon Pascual, Hugo Barcia valentziarrarekin lehian, brontzezko borrokan
Bere hirugarren brontzea da aurtengo hiru Super Kopa jokatuta —A mailako Kopetan zilar bat eta bosgarren bat pilatu ditu—. Teknika lantzen jarraitzen badu, iritsiko zaio maila goreneko txapelketetan finalean aritzeko aukera.