Aurten inoiz izan duen bidaiari kopuru handiena lortu du: 1,6 milioi.
Urtetik urtera gorantz doa Irunbusen bidaiari kopurua, eta oraindik ez da mugara ailegatu: aurten inoiz izan duen bidaiari kopuru handiena lortu du: 1,6 milioi, iaz baino ia 46.800 gehiago (%2,86).
Datu horien atzean 2012an sistema hobetzeko egin zituzten aldaketak daudela iritzi dio Cristina Laborda Mugikortasun delegatuak. “Hiriko garraio publikoa aukera erakargarria da Irunen, eta horren atzean dago Mugi txartela sartu izana, Topoa edo hiriarteko autobusa erabilterrazago egin baititu”.
Bidaiari gehien Zaisa-Ospitalea lineak izan ditu, 1,1 milioi bidaiariekin. Kateako lineak eta Olaberriakoak jarraitzen diote 363.000 eta 84.800 erabiltzailerekin, hurrenez hurren. Guztiek gora egin dute bidaiarien kopuruan, gautxoriak izan ezik, %2,6 gutxiago (4.000, guztira) izan baititu.
Landa eremuko zerbitzua (eskatu ahala funtzionatzen du), lehenengoz, urte osoan egon da martxan, eta 5.103 bidaiari izan ditu.
Bestalde, Labordak jakinarazi du hiriko markesina guztietan, panel berriak hartzen ari direla, ordutegi eta geltoki guztiekin.
Irunbusen autobus bat.