Bihar eta etzi epaituko dute hondarribiarra Parisen. Alemanian atxilotu zuten Tomas Elgorriaga, 2014ko urrian, eta urtebetera eta Frantziara estraditatu.
Hondarribiko Sortuk elkartasuna adierazi dio hilaren 19an eta 20an Parisen epaituko duten Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarraren familiari. Era berean, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera ulergaitza dela adierazi du Sortuk: “Ulergaitza egiten zaigu oraindik ere horrelako epaiketa politikoak egitea. Ez du zentzurik bake prozesuarekiko Frantziako eta Espainiako estatuek duten jarrerak, horrelako epaiketarik egiteak, ezta darabilten espetxe politikak ere”.
Sortuk gaineratu duenez, Elgorriagak “bizitza arrunta” egiten zuen Friburgon, “Unibertsitateko irakasle lanetan zebilen eta Friburgoko egunerokoan eta bizitza sozialean integratua”.
2014ko urriaren 31n atxilotu zuten Elgorriaga Alemanian, Mannheim herrian. Atxilotu eta gero jakin izan zen hamar urte zeramala Friburgon identitate faltsuarekin bizitzen, hots, Euskal Herritik ihes egin zuenetik. Frantzian auzi-ihesean epaitu izan zuten eta, horregatik, estradizio eskaera egin zuen Parisek.
Alemaniako epaileak eskaria onartu zuen, baina baldintza batekin: berriro epaitu beharko zuten. 2015eko azaroan estraditatu zuten Elgorriaga eta ordutik Fleury-Merogis espetxean dago preso.
Iazko martxoan epaitu zuten eta epaileak bost urteko zigorra ezarri zion; Alemanian gatibu egondako denbora tartea aintzat hartzen zuen sententziak eta hiru urte baldintzapean kunplitzeko aukera. Baina azken unean fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta berriro epaituko dute.
Elgorriagaren aldeko elkarretaratze bat, Friburgon