Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa XXV. aldiz egingo dute Jostaldi pilotalekuan, larunbatean, Hondarribiko judo elkarteak antolatuta.
Ama Guadalupekoa judo elkartekoek antolatuko dute txapelketa.
Larunbatean egingo dute, XXV. aldiz, Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa. Txapelketari izena eman dion judo elkarteak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 400 judoka bilduko ditu Jostaldi pilotalekuan, eta lau tatamitan lehiatuko dira.
Kadete mailakoak izango dira parte hartzaileak. Alegia, 2000, 2001 eta 2002 urteetan jaiotakoak. Txapelketa 09:00etan hasiko da, 18:00ak arte iraungo du. Bezperatik, ostiraletik, muntaketa lanak egingo dituzte, eta, gainera, hitzaldia eskainiko dute 20:15etik aurrera. Jorratuko duten judoko lesioen prebentzioa izango da.
Judoa ez da larunbatarekin bukatuko. Igande goizean, Gipuzkoako judoka benjaminek zein Kimu Mailakoek stage bat egingo dute Jostaldin bertan.
Udalaren eskerra
Kalixa Silanes Kirol zinegotziak Ama Guadalupekoa taldearen “lan ona” eskertu du, larunbatekoa bezalako txapelketa bat antolatzeagatik. Esker on hori Gipuzkoako eta Euskal Herriko judo federazioei ere luzatu zien. “Era berean”, jarraitu du Silanesek, “nabarmendu nahiko nuke elkartean egunero gazte hondarribiarrei baloreak transmititzeko egiten den lana”.