Azaroan 21 urtez azpikoen selekzioan debuta egin zuen eta oraingoan nagusiekin kontzentratuko da.
Mariasun Quiñones hondarribiarrak Espainiako selekzio nagusiarekin debuta egiteko aukera izango du hilaren bukaeran. Hilaren 21ean, larunbatez, Suitzaren kontrako lagunarteko partida jokatuko du Espainiak Valentzian eta Jorge Vilda hautatzaileak 24 jokalari deitu ditu astelehenetik aurrera kontzentrazioa egiteko, eta horien artean izango da Quiñones.
Lehen aldia da Realeko atezaina nagusien selekzioarekin ariko dena; azaroan Papua Ginea Berrian egin zen 21 urtez azpikoen Munduko Kopan parte hartu zuen eta, bistan denez, federazioan gustura geratu dira hondarribiarrak egindako lanarekin. Quiñonesekin batera, Lola Gallardok (Atletico Madril) eta Sara Serratek (Sporting Huelva) osatuko dute deialdiko atezainen hirukoa.
Hautatzaileak deitu duen Realeko jokalari bakarra da Quiñones; are gehiago, euskal taldeetan ari diren beste jokalaririk ez da deialdira joango. Nolanahi ere, beste gipuzkoar batek ere bidaiatuko du Valentziara, Paris PSG taldean jokatzen duen Irene Paredes legazpiarra.
Mariasun Quiñones, Zubietako instalazioetan