Lehen saioaren egunean bertan eman behar da izena. Aurten, astelehenetan egingo dute antzerki tailerra, martxora arte.
Astelehenean, hilak 16, hasiko da Hondarribiko Antzerki tailerreko hirugarren ikasturtea. Aurten asteko egun bakarrean egingo dute, astelehenetan, 19:15etik 21:15era, eta hiruhileko ikastaroa izango da. Eduardo Galarzak zuzenduko du berriro. “Erabat egonkortua dago tailerra —adierazi du—, ikusi besterik ez da azken asteotan Kultur Etxean egin dugun saioa errepikatu behar izan dugula, ikusleak kanpoan geratu behar izan direlako. Pozik gaude eta aurrera segitzeko asmotan”.
Udala ere pozik azaldu da tailerraren bilakaerarekin. Kalixa Silanes Kultura zinegotziaren arabera, ekarpen handia egiten dio herriari: “Taldeak oso lan ona egiten du. Udaletik asko eskertzen dugu egiten duten lana, eta hiriko kultur eskaintzari egiten dioten ekarpena”.
Astelehenero izango da tailerra aurten, hilaren 16tik hasita. Hain zuzen ere, lehen saio horretan bertan eman behar da izena, 19:15ean, Denda kaleko Kultur Etxean. Jarraitu nahi dutenek, nahiz lehen aldiz probatu nahi dutenek, martxora arte astelehenero saiatuko dira bertan.
Edu Galarzak zuzentzen du tailerra