Hasi dira muntatzen Muliate II-ko etxeen egurrezko egitura berritzailea. Energia kontsumo oso baxua eragingo duen egitura da.
Egunotan ari dira egurrezko egitura muntatzen Muliate II-n
Lastozkoa egin zuten lehenik eta otsoak putz eginez bota zuen. Egurrezkoa eraiki zuten gero eta, hori ere, erraz eraitsi zuen. Harrizkoak, ordea, ufadei eutsi zien, eta hiru txerritxoak salbu geratu ziren bertan bizitzen.
Baina ipuinetan gertatzen den guztia ez da egia izaten, eta horren adibide da Hondarribian egiten ari diren babes ofizialeko etxe promozio berria. Egurrezkoa egiten ari dira, hori omen delako onena. Egur kontralaminatuko oholen bidezko eraikuntza-sistema aurrefabrikatuari esker,
ia energia kontsumorik gabeko etxeak izango dira Muliate II-koak. Egunotan ari dira egurrezko egitura hori muntatzen eta irudia oso bitxia da.
Muliateko etxeen parean ari dira egiten Muliate II, Biteri, Tximista eta Saindua kaleen artean. Orotara, 65 etxebizitza egingo dituzte promozio berrian, 32 salmentakoak eta 33 alokairukoak. Horretan ere aitzindaria izango dira, lehen aldia baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan promozio publiko batean alokairuzko etxebizitzen kopuruak salmentazkoena gainditzen duela.
Lastozkoa ez, baina harrizkoa ere ez. Egurrezko etxea da hoberena. Nola aldatu den ipuina!