Hondarribia Arraun Elkarteak 2019ko denboraldia amaitu arte luzatu dio kontratua oriotarrari.
Hondarribia Arraun Elkarteak eta Mikel Orbañanos oriotarrak harremana luzatzeko hitzarmena sinatu berri dute. Hamabost urte daramatza Orbañanosek hondarribiarren lehen entrenatzaile bezala lanean, eta ezer okertzen ez bada, beste hiru urtez behintzat ariko da zeregin horretan. 2019ko denboraldia bukatu arte kontratua luzatu dio klubak; abenduaren 30ean eman zuten horren berri.
Besteak beste, hiru aldiz San Miguel Liga (2006an, 2014an eta 2015ean), bitan Kontxa (2005ean eta 2013an) eta beste lautan Euskadiko Txapelketa irabazi du taldeak oriotarrarekin eta, bistan denez, bi aldeek orain bizi duten une gozoari eutsi nahi diote.
2002an iritsi zen Mikel Orbañanos Hondarribira, bi urte Ondarroan eman eta gero. Aurretik, 11 urte aritu zen bere herrian, Orion; 1989 urtean hasi zen bertan arraunean, hamasei urterekin.
Orbañanos, 2015eko irailean, San Miguel Liga irabazi berritan