SPI eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuten.
Joan den ostegunean egin zen aurrekontuen gaineko udalbatzarra Irunen, eta espero bezala, nahikoak izan ziren udal gobernu taldearen botoak aurrera ateratzeko, baina PPk ere alde bozkatu zuen. SPI eta EH Bilduk kontrako bozka eman zuten.
Guztira, 72,6 milioi euroko aurrekontua izango du Irunek 2017rako, eta plenoan onartutako zuzenketak hamalau izan ziren (473.369 euro) SPIrenak hiru, EH Bildurenak lau eta PPrenak zazpi. SPI eta EH Bilduk osoko zuzenketa bana aurkeztu zuten, baina biak atzera bota zituzten udal gobernu taldeak eta PPk.
SPIk “aurrekontu kontinuistak” direla esan zuen, eta “kooperatibismo edo autogestioan eta gizarte babes handiagoan ekintza lerro berriak ez irekitzea” salatu zuen. Udal gobernuak zorra ordaintzeari lehentasuna ematea ere kritikatu zuen udal taldeak, kredituaren likidezia gizarte larrialdira bideratu beharrean. Gainera, SPI eta udalaren arteko zuloa agerian geratu zen plenoan.
EH Bilduk ere osoko zuzenketa aurkeztu zuen, beste eredu alternatibo bat defendatuz. Udala langabezia eta alokairu sozialean egiten ari den kudeaketa kritikatu zuen, besteak beste.
Ezohiko osoko bilkura aurrekontuen gainean. Plenoa ohi baino laburragoa izan zen.