Tren Txikitoren mendeurrenarekin lotuta, erakusketa ireki dute Palmera Monteron.
Maiatzaren 28an, duela ehun urte inauguratu zuten Irun eta Elizondo lotzen zituen Tren Txikito. 51 kilometroko ibilbidea zuen. Aurretik, otsailaren 1ean, Donezteberaino iritsi zen. 1889an, tren hori bera Arditurriko minerala Endarlatzara eramateko erabiltzen zuten, nahiz eta denborarekin beste merkantzia batzuk garraiatzeko ere erabili. 1916an bidea Elizondoraino luzatu zuten, eta pertsonak ere garraiatzen hasi zen Tren Txikito.
Triki traka ibili zen Irun eta Elizondo artean 43 urtez. Ibilbide oso luzea eduki ez arren, nostalgiko eta afizionatu ugari utzi ditu, eta horietako bat da, hain zuzen, Jose Felix Colado. Orain, Tren Txikitoren jaiotzaren mendeurrenean erakusketa antolatu du, Irungo Hiritar Foroaren ekimenez, eta ireki berri duten Palmera Montero zentroan ikus daiteke.
Udaleko Kultura Batzordean parte hartzen du Irungo Hiritarren Foroak, eta hor 2016rako hainbat ekintza proposatu zituzten, hirian zeuden hainbat urteurren ospatzeko asmoz, horien artean, Tren Txikitoren mendeurrena. Hori antolatzeko pertsona aproposenean pentsatuz, Coladorengana jotzea bururatu zitzaien, trenekiko duen afizioa eta erakusketak antolatzen duen eskarmentua kontuan hartuta.
Abendua bitartean, bederatzi hilabete egin ditu erakusketarako material guztia biltzen. Horretarako afizioa partekatzen duen jendearengana jo du, eta horiek «akuilatzen» aritu dela esan du.
Erakusketa panelek, bitrinek, maketa batek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute. Panelak, guztira, hamabost dira, eta erakusketaren ibilbidea gidatzen dutela azaldu du Coladok.
Horretarako Ricardo Berodiak 2007an Bidasoko Boletin Ofizialean argitaratu zuen Bidasoko Trena 1916-1959 testua erabili duela argitu du: «Hamabost panel horietan kontatzen da zergatik sortu zen trena. Aiako Harriko meatzeetatik materiala eramateko erabiltzen zuten, meatzea agortu zen arte». Coladoren arabera, Tren Txikito Frantziako kapitalisten iniziatibaz bultzatu zuten, eta Leon Mourgues izan zen hura eraikitzeko arduraduna. Paneletan 58 argazki daude; planoak, zerrendak… Bitxikeria moduan, Leon Morguesek 1914an idatzitako eskutitz bat ere irakur daiteke.
Bitrinak hamabi dira, eta horietan treneko hainbat txartel aurki daitezke, postalen bilduma bat… «1970eko hamarkadan Lesakako laminazioen eskutik saiatu ziren Tren Txikito errekuperatzen, iristen zen txatarra eta beraiek egindako materiala Pasaiako portura eramateko. Hainbat eskutitzetan ere ikus daiteke asmo hori», gaineratu du erakusketaren egileak. Horrez gain, benetazko trenarekin lotutako hainbat material aurki daiteke:?bagoien txapak, errail zati bat, tirafondo bat, Kostorbeko geltokiko bi adreilu, Behobiako geralekuko teila bat…
Trenaren maketa
Arreta gehien pizten duen pieza, ordea, Bidasotarrak Trenaren Lagunak elkarteak eraikitako maketa da. 3 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera dauka, eta trenaz gain, ibilbideko paisaiak ere biltzen ditu. Coladoren arabera, sei hilabete egin dituzte maketa hori egiten, eta xehetasun guztiak kontuan hartuta osatu dute.
Horrez gain, 25 minutuko ikus entzunezko bat ere badago erakusketan. Bi muntaia ditu. Bat Jose Mari Castilloren argazki bildumekin osatua dago. Bestea, berriz, Enrique Diez errioxarrak egin du:?trenak egiten zuen ibilbidea bizikletaz egin du, eta ateratako argazkiekin, orduko eta oraingo paisaiak konparatu ditu. Era berean, garai hartako grabazio bat ere ikus daiteke, trena Sunbillara iristen.
Urtarrilaren 8ra arte ikusi ahal izango da erakusketa Palmera Monteron.
Tren Txikito (Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)