Iritsi dira egun magikoak
Gaur iritsiko da Olentzero Hondarribira, Mari Domingirekin batera haurren gutunak jasotzeko asmoz.
Aspaldi piztu zituzten Gabonetako argiak Hondarribian. Badira aste pare bat udala eta merkatariak hasi zirela Gabonetako kanpainarekin eta kaleetan nabaritu izan da hori. Giroa hoztu da, Gabon kantak entzuten dira han eta hemen bozgorailuetan, iluntzero San Pedro kaleari gaztain erre usaina dario… Baina gaur dute haurrek lehen opor eguna eta, haurrak dauden etxeetan behintzat, beraiek agintzen dute. Hortaz, gaur hasiko dira egun magikoak. Arratsaldean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi herrira, ondo eta erdizka portatu diren haurren gutunak jasotzera —gaizki ez da inor portatu, ez behintzat haurrak—. Zubietako joaldunekin batera iritsiko dira eta 18:00etatik 21:00etara jasoko dituzte eskariak, lehenik Portuan, eta gero Gipuzkoa Plazan. Hiru orduz ariko dira kartak jaso eta gozokiak banatzen. Bihar Mendelura hurbilduko da Olentzero, Mari Domingi eta joaldunik gabe, arratsaldez. Biharko, larunbaterako, hotza iragarri du Euskalmetek, baina euririk ez. Primerako eguraldia, beraz, panpinarekin edo panpinik gabe Gabon kantak kantatzera ateratzeko. Eguneko ekitaldi nagusiak honakoak izango dira: goizean Olentzero lehiaketa —10:00etan Santiago kalean eta Gabon sariak 12:00etan Gipuzkoa plazan—, eta arratsaldean jaialdiak —17:15ean haurrena eta ordu erdi geroago hasita helduena—. Baina antolatutako ekitaldietatik aparte edonon izango da Gabon giroa, gaurtik hasi eta Errege Eguna pasatu arte. Ikusi Gabonetako ekitaldiak,