Eskifaiako koruen gabonetako kontzertua, gaur, Portuko elizan
Xatzek, Eskifaia Txikik eta Eskifaiak, hamasei Gabon kantaz osaturiko errepertorioa interpretatuko dute.
Hondarribiko Eguberrietako klasiko bat iritsiko da gaur, Eskifaia Elkarteko hiru abesbatzen kontzertu berezia. Orotara, hamasei Gabon kanta entzungo dira gaur Portuko elizan, 19:30ean hasiko den emanaldian. Leku ona hartzeko, eta saioaren hasiera ez oztopatzeko, zertxo bait lehenago azaltzea komeni da. Ahots zuriekin hasiko da emanaldia, Xatz koruaren saioarekin. Amaia Aldalurrek aukeratu duen errepertorioan, gaztelaniazko eta euskarazko Gabon kantak ageri dira, Olentzero, Gaueko izar eta Dizdizka zeruan, horien artean. Bigarrenik, Eskifaia Txiki haurren korua taularatuko da. Ohi bezala, Iñigo Salaberriak zuzenduko du eta Iñaki Gezala pianoan eseriko da. Ingelesezko bi pieza kantatuko dituzte, eta beste bi Eskifaia Abesbatzarekin batera, Haurtxo maite eta Hator, hator. Ekitaldia bukatzeko, bakarka jardungo du Eskifaia Abesbatzak, Gorka Aierberen zuzendaritzapean. Besteak beste, Oh noche de Navidad, Orra Mari Domingi eta Adeste fideles abestuko dute ahots mistoen Eskifaia Abesbatzako kideek Gabonetako kontzertu bereziaren azken zatian.