'Negua berotuz' ekintza sorta antolatu dute Sainduan, 12-17 urte bitartekoek 2016a ezin hobe bukatu dezaten. 23a da izena emateko azken eguna.
Negua berotuz, urtea horrela bukatzea nahi izaten dute Hondarribiko Saindua Udal Gaztelekuan. Badira urte batzuk hasi zirela Gabonetako programa horrekin eta arrakasta handia duenez, errepikatzen dute. Hori bai, urtetik urtera berrikuntzak izaten dira egitarauan, eta gazteen ekintza gustukoenekin batera, aurretik probatu gabeko beste batzuk antolatzen dituzte.
Ekintza guztiak 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutakoak dira, euskaraz egiten dira eta ezaugarri bat dute, talde lana bultzatzen dutela. Izena eman nahi duenak aukera du dagoeneko, eta hilaren 23an egin beharko du beranduenez.
Negua berotuz programako lehen jardunaldia hilaren 27a izango da, arratsaldez. Tarpui Jolasa jardunaldia antolatu dute (16:30-19:30). Hurrengo egunean, 28an, Lagun Ikusezin tailerra antolatu dute goizerako (10:00-12:30) eta arratsaldean irteera dute, Donostiako Txuri Urdin izotz jauregira. Hilaren 29an jolas kooperatiboak egingo dituzte goizez (10:00-12:00), eta arratsaldez Laser Tag jokoak (15:00-19:00).
Urteko azken ekintza hilaren 30ean egingo dute. Gaztechef eguna ospatuko dute eta, izenak ongi adierazten duen bezala, gastronomiari lotuta egongo da. Goizez, 10:00etatik 12:30era ginkana egingo dute herrian zehar. Eta arratsaldean, udazkeneko sukaldaritza tailerretan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute. 16:30etik aurrera pintxo txapelketaren bigarren ekitaldia egingo dute, eta 18:30ean hasita, merendola.
Informazio gehiago behar duenak, 943 64 31 98 telefono zenbakian eska dezake, edo posta elektronikoz
gaztelekura idatziz.
Saindua Udal Gaztelekua