Hondarribiko Udalak 19.517.070 euroko aurrekontua onartu du. EAJk PSE-EEren babesa lortu du, EH Bildu abstenitu egin da, eta Abotsanitzek eta PPk kontra bozkatu dute.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute aurrekontua
Bost orduko eztabaidaren ondoren eta oposizioko taldeek aurkezturiko hamalau emendakin onartuta, 2017rako aurrekontua onartu du Hondarribiko udalbatzak gaur eguerdian. Hemeretzi milioi eta erdi izango ditu udalak hurrengo urtean gastatzeko, 19.517.070 hain zuzen ere, osoko bilkura hasieran gobernuak aurkezturiko kopuruari 427.070 euro gehitu eta gero. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, EH Bildu abstenitu egin da, eta Abotsanitz eta PP kontra agertu dira.
Txomin Sagarzazu alkateak aurkezpenean azaldu duenez, “zuhurtziaz” prestaturiko aurrekontua da, baina udalaren egoera ona dela adierazi du, “inbertsiorako baliabideak” dituela eta gastatzen duena baino gehiago biltzen duela. Horregatik, hirugarrenez tasak eta zergak izoztu egin ditu udalak, eta gastu arrunta %6 haziko da heldu den urtean. Udalaren egoera ekonomikoa txarra ez denaren seinale da onartu diren emendakin guztiak gehitzekoak izan direla, diru hori ez dela beste partidetatik kendu.
Asmoei dagokienez, udal kudeaketa sistema hobetu beharraz mintzatu da alkatea, eta herritarrei zerbitzua emateko pertsonal gehiago behar dutela onartu du. Egoera hori hobetzeko, hainbat departamentuetan langile gehiago hartzea proposatu du, aldi baterako kontratazioaren edo zerbitzuen prestazio kontratuen bidez.
Oposizioko alderdiek bat egin dute udalaren kudeaketa hobetu behar dela adierazterakoan, eta bereziki kezkatuta azaldu dira aurrekontuetan onartzen diren proiektuetako asko burutzen ez direlako. Abotsanitzeko Igor Enparanek, “aurrekontua osotasunean betetzen ez den tresna dela” nabarmendu du, eta langile taldean hutsuneak daudela erantsi du: “departamentu ugarietan gabeziak daude, eta herritarrek pairatzen dute. Esfortzu berezia egin behar da horretan”.
Lore Erriondo EH Bilduren hautetsiak ere antzerako diagnosia egin du. “Arazo nagusia pertsonalaren gaia” dela esan du, baina harago joan da, “koordinazioa eta kudeaketa hobetu behar dira, funtzionatzeko eredua landu behar da”. Erabakiak “onartzen direnetik gauzatzen direnera pasatzen den denbora zuzendu” behar dela uste du Erriondok.
Zentzu horretan, urteroko plangintzatik “zer burutu den eta zer ez uneoro jakitea” inportantea dela esan du Josu Alvarez sozialistak, eta aurrekontuenaren aurretik “hiriaren egoera aztertzeko osoko bilkura bat” egitea eskatu du. Nolanahi ere, ohi duena baino leunagoa izan da Alvarezen diskurtsoa gaur.
Goizeko lehen ezustekoa Joxemi Otxoteko popularrak eman du, askotan jeltzaleen alde lerrokatuta azaldu bada ere, gaur oso gogor mintzatu baita alkatearen kontra. Onartu eta betetzen ez diren proiektuengatik kexatu da Otxoteko, eta Higer farolako itsaslabarraren gaiarekin tematu da. Duela hiru urteko denboraleen ondoren erakundeak itsaslabarra sendotzeko ados jarri ziren, baina dirua jarri duen bakarra Espainiako Gobernua izan dela leporatu dio ordezkari popularrak alkateari. Protesta gisa, aurrekontuak erretiratzeko eskatu du Otxotekok, baina ez du babesik lortu gainontzeko alderdien artean.
Hainbat obra hasteko aukera
Hemeretzi milioi eta erdiko aurrekontua onartu du gaur Hondarribiko Udalak, eta hainbat proiektu berri erredaktatzeari argi berdea eman diote horrenbestez. Besteak beste, Donostia kaleko aparkalekuaren ikerketa, Alde Zaharra berriritartzeko plana, Egiluz jauregia udal artxibategia jasotzeko proiektua, edota Hondartza futbol zelaian belar artifiziala ezartzeko asmoak erredaktatu nahi ditu udalak 2017an.
Udal artxibategia Egiluz jauregira mugitzea Elizarekin adostu nahi du udalak
Obra zehatzen arloan, Santiago kaleko azken fasea burutzea, Iturriberriko biribilgunea konpontzea, bidegorri sarea zabaltzeko 200.000 euro inbertitzea eta 2016an bukatu ez diren zenbait lan osatzea aurreikusten du udalak; azken horien artean udal liburutegiko obra handia bukatu eta ireki nahi du udalak, baita Javier Ugarte eta Santiago Konpostelakoa kaleen hiritartze lanak amaitzea ere.
Hamalau mozio onartuta
Udal gobernuaren agintaldi planean azaltzen diren proiektuez gain, oposizioko zenbait proposamen onartu ditu udalbatzak: PSE-EEk aurkeztutako sei emendakin, Abotsanitzen lau, EH Bilduren hiru, eta PPren bakarra; horiez gain, Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeari 6.000 euroko diru laguntza izenduna ematea onartu dute alderdi guztiek aho batez.
Gaurko plenoko bigarren ezusteko handia sozialistek eman dute, edo hobe esanda, jeltzaleek Alvarezekin, sozialistaren emendakinetako bat onartzerako orduan. Aurreko bi legealdietan hainbat bider atzera bota eta gero, Hondarribiko auzoen arteko autobus zerbitzu bat ezartzeko aukera aztertuko du udalak 2017an, PSE-EEren 12.000 euroko mozio bat onartuta. Eskakizun historiko horrekin batera, Lauaizetako argiztapena hobetzeko 6.000 euro, Guadalupen komun bat jartzeko 75.000, Guadalupeko gotorlekuan 36ko Gerraren bueltan gertatutakoa ikertzeko Aranzadirentzat beste 5.000, Gurutze Gorriarentzat 6.000 euro eta emergentziazko laguntzen partida handitzea —40.000 eurotik 140.000ra— lortu dute sozialistek. PSE-EEren beste emendakin batzuk babesik gabe geratu dira, baina plenoko garaileetako bat izan da Alvarez, aurrekontuari 204.000 euro gehitzea lortu baitu.
Abotsanitzek hogeita bat emendakin aurkeztu ditu, eta horietatik hiru erretiratu bozketaren aurretik. Proposamenetako askok oposizioko beste alderdien oniritzia izan dute, baina ez gehiengo osoa duen EAJrena. Hala, Abotsanitzen lau emendakin baino ez dituzte aurrera atera, autobusentzako aparkaleku bat ezartzeko ikerketa egiteko 10.000 euro, kostako baratzen eremuan ur irteerak hobetzeko 25.000 euro, Mendeluko errepide azpiko zubian auzotarrekin elkarlanean mural bat margotzeko 3.500 euro, eta Berdintasun Plana erredaktatzeko beste 6.000 euro, udala prestatzen ari den Indarkeria Matxistaren kontrako protokoloa amaituta egin beharko litzatekeena. Orotara, 41.000 euro, baina
zezen plazan aparkalekua egiteko nahiko babesik ez dute lortu, EAJk kontra egin duelako —beste guztiek alde—.
EH Bilduk, aldiz, hirutik hiru lortu ditu, indarkeria matxistaren protokoloaren ondotik gaiari lotutako trebakuntzarako 12.000 euro, beste 12.000 euro bizikidetza arloan ari den erakunde batek Alardearen inguruan udalarekin nahiz zenbait herritarrekin lanketa abiatu dezan, eta 5.000 euro Bubastis elkartearentzako, espigoiko katuen populazioa zaintzeko neurriak diruz laguntzeko. Aurkeztu, beste zenbait emendakin aurkeztu ditu koalizio abertzaleak, baina hiru horiek ezik besteak erretiratu ditu, gobernuaren proposamenean antzerako partidak zeudelako edo gai horiek aurrerago lantzeko udalaren konpromisoa lortuta.
Alderdi Popularraren emendakin bakarra onartu dute gaur, eta gainera, iaztik datorren partida bat izan da, iaz onartu arren burutu ez ziren lan batzuei dagokiona. Ondare arkitektonikoa garbitzeko eta berritzeko abiatutako lanen barruan, Balezaleen eta Euskal Olerkarien eskulturak, San Markoren gurutzea eta Etxenagusiaren omenaldia berritzeko 25.000 euro onartu dizkiote Otxotekori, eta Berrueten erliebeetan lanak egin behar ote diren aztertuko dute aurrerago.
Eskulturak berritzen jarraituko dute popularren mozioa onartuta
Urratsak emateko konpromisoa
Orotara, oposizioak aurkeztuta onartu diren emendakinek 308.500 euroan handitu dute aurrekontua. Horri udal gobernuaren zenbait zuzenketa gehitu behar zaizkio, aurrekontu osoa izateko. Hemeretzi milioi eta erdi euro pasatxo.
Gaur udaletxeko areto nagusian esan direnak entzun eta gero, seinale ona litzateke hurrengo hamabi hilabeteetan Hondarribiko Udalak ia hogei milioi euro gastatzea, gaur onartutako proiektuak aurrera eramateko gaitasuna erakutsi duela esan nahiko baitu horrek.
Gobernuak oposizioaren kritikak entzun behar izan ditu gaur, baina aurreko urtearekin alderatuta aurrekontua lantzeko denbora eta erraztasun gehiago izan dituztela onartu dute alderdiek. Gauza batzuetan ados jarri dira, beste batzuetan ez, baina udalak arazo estrukturala duela sinistuta daude denak eta horri konponbidea emateko urratsak emateko ados jarri dira. Konpromisoa hartu dute, barrura begira eta herritarrekiko. Ia hogei milioi izango ditu Hondarribiko Udalak 2017an gastatzeko, eta konpromiso bat betetzeko.