Aurten ere jendez beteko da Hondarribiko Portua goiz eta arratsaldez.
Iaz eguzkia izan zen protagonista. Bihar, aldiz, euria egin dezake, goizez batez ere
Ia dena prest dago biharko egunerako, San Tomas feriarako. Hondarribikoak ez du besteek duten ospea, feria txikia da, baina urtetik urtera handituz doa eta bihar berriz ere herritarrez beteko dira Portuko kaleak. Eskulanen azoka, baserritarrena, herri kirolak, musika, dantza… denetarik izango da Gabonak gertu daudela ohartarazteko balio duen egunaz gozatzeko (
ikusi iazko argazkiak).
Eta noski, txistorra ez da faltako. Tabernetan, txosnan, elkarteetan, postuetan, edonon izango da txistorra dastatzeko aukera. Ez Portuan bakarrik, baita auzoetan eta ikastetxeetan ere. Eta arratsaldean, Sainduan Udal Gaztelekuan egingo dute txistorrada gazteek, 18:00etan.
Ordu erdi lehenago, 17:30ean, Kasino Zaharreko bazkideek dute hitzordua. Gabonetako ospakizuna egingo dute, abesbatzaren emanaldiarekin, udazkeneko txapelketetako sari banaketekin, eta Gabonetako zozketarekin.
Gozatzeko eguna da San Tomas. Gozatu, bada.