2016an hainbat proiektu aurrera ateratzea lortu du Landetxa auzo elkarteak, eta lorpen horiek guztiak auzotarren parte harte "aktibo eta zabalagatik" izan dela uste du.
2016an hainbat proiektu aurrera ateratzea lortu du Landetxa auzo elkarteak, eta lorpen horiek guztiak auzotarren parte harte “aktibo eta zabalagatik” izan direla adierazi du Fernando Arozena elkarteko kideak. “Udalari auzo bezala hainbat aldarrikapen egin dizkiogu. Batzuk lortu ditugu, eta beste batzuk lortu nahi ditugu”, gaineratu du.
Landetxa auzo elkarteak 2016ko balantzea egin du gaur goizean, eta bertan izan dira, Arozenarekin batera, beste batzordeko kide batzuk: Martxel Gorostidi, Jesus Ogallar eta Jose Ignacio Martinez.
Zentzu horretan, Katea “auzo bizi eta aktiboa” dela adierazi du, eta auzoko hainbat elkartek bakarka nahiz taldean egiten duten lana balioan jarri du: “Guztien arteko parte hartze eta koordinazioari esker, gauzak bultzatu eta hainbat hobekuntza lor daitezke”.
Aurten auzoan egin diren inbertsioei dagokienez, Elatzeta ikastetxerako oinezko sarbidea aipatu du. Horrek ikastetxera “modu seguruan” joatea ekarri duela nabarmendu du. Bestalde, Olakine eta Mendiolako landa bideen konponketak gogorarazi ditu, baita Olaberriarako bidean, oinezkoentzako sarbide segurua egitea ere. Olaberriako errepideko lanak bi fasetan egin dituzte, eta bigarrena orain ari dira egiten. Azkenik, Arbiun plazako gune estaliaz hitz egin du. Obrak bukatu arren, oraindik euria sartzen dela ikusi du auzo elkarteak. Udalak onartu du, eta aldameneko estalki bat jarriko duela aurreratu du, badago aurrekontua ere.
Egiteko dauden lanei dagokienez, potoloena Arretxe-Ugaldeko kirol gune estalia da. Parte hartze prozesu bat ireki zuten auzotarren artean proposamenak biltzeko, eta bertan, hala nola, balio anitzeko pista bat jarri nahi dute, estalia. Horrekin saskibaloia eta eskubaloia sustatu nahi dituzte auzoan eta inguruan. Horrez gain, gimnasioa eta frontoia ere aurreikusi dituzte proiektuan. Udalak aztertzeko konpromisoa hartu du.
Bestalde, tren geltokitik Cafe Irunerako oinezko sarbide segurua onartu eta lizitatuta dagoen arren, egitea falta da. Horrez gain, Harmugarrieta kalean asfaltoa jarri eta ur jarioa konpondu behar dela adierazi du.

Landetxa auzo elkarteko kideak: Jesus Ogallar, Jose Ignacio Martinez, Fernando Arozena eta Martxel Gorostidi.