Guadalupeko bunkerrak aztertuko dituzte aste honetan Ezagutu Zure Hiria programaren barruan. Frankistek 100 bunker inguru eraiki zituzten Hondarribian.
Errepide ondoko bunkerra metrailadore-astun bat erabiltzeko egokitu zuten
Juan Antonio Saez historialariak gidatuta egingo dute
Ezagutu zure Hiria programako hurrengo saio bikoitza, hitzaldia ostegunean, eta bisita gidatua larunbatean. Historian Doktore eta Guadalupeko gotorlekuan egiten diren bisitetako gidaria da Saez, eta Guadalupeko bunkerrak balioan jartzeko uda bukaeran Arma Plaza Fundazioak eginiko lanak ikuskatu zituen. Ostegunean, lan horiez eta, batez ere, bunkerrez mintzatuko da Saez, 19:00etan Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan emango duen
Gure bunkerrak: Hondarribitik Mediterraneora goiburuko hitzaldian.
Hondarribiko HITZAren
Lur barrenean dago argia erreportajean azaltzen denez, 50 bunker inguru daude santutegi inguruan, eta frankisten Guadalupeko Erresistentzia Gunea babesteko elementu multzoko parte ziren. Saezen ikerkuntzetatik ondorioztatzen da 600 soldadurentzako diseinatutako kanpalekua zela Guadalupekoa, “kilometrotako hesiz inguratuta eta 59 bunkerrez osaturiko sare batek babestuta, nahiz eta azkenean 53 eraiki ziren”.
Arma Plaza Fundazioak jakinarazi duenez, bunkerrak zertarako eraiki eta nolakoak ziren ezagutuko dute hitzaldira eta bisita gidatura hurbiltzen direnek: “1939 eta 1957 artean Francoren erregimenak Pirinioan 6.000 bunker eraiki zituen, horietatik 100 Hondarribian daude. Hitzaldian fortifikazio honen eraikuntza prozesuaren berri emango da. Hortaz gain, tipologia desberdinak aztertuko dira baita berauetan jartzea aurreikusita zegoen armamentua ere”.
Arma Plazak erantsi du Guadalupeko bunkerrak ez zituztela borroketan erabili: “Ez zen beharrezkoa izan borrokan sartzea eta 1980. urteaz geroztik ez daukate erabilera militarrik. Hondarribiko ondare gotortuaren zati dira orain, harresiak, Gerla Karlisten fortifikazio eta Guadalupeko Gotorlekuarekin batera”.
Ez daude ikerlarien eskura
Urte asko eman ditu Juan Antonio Saez historialariak Hondarribiko eta Gipuzkoako garai desberdinetako gotorlekuak ikertzen, eta oztopo asko aurkitu ditu bidean. Esaterako, Guadalupeko guneari buruzko informazio guztia klasifikatuta dago, eta ikerketa lana asko zailtzen du horrek. Nolanahi ere, inork ez ditu Guadalupeko bunkerrak berak bezain ondo ezagutzen, eta horregatik, guztiz gomendagarria da osteguneko hitzaldira joatea.
Hitzaldiari lotura, larunbatean bisita gidatua egingo dute. Txango berezia izango da, igoera tren berdean egingo baita. San Juan de Dios biribilgunetik abiatuko da trena, 11:00etan. Plazak mugatuak dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. 943 64 36 77 telefono zenbakira deituz edo
posta elektronikoz egin daiteke.
Hitzaldia zein bisita gidatua, biak gaztelaniaz egingo dituzte, eta doan izango dira.