Ficobako Gabonetako azokatik ehunka lagun pasatu dira egunotan. Hemen lehen eguneko kronika.

Gabonetako azokan produktu estetikoak probatzen.
Abenduaren 6a da, jaieguna askorentzat Hego Euskal Herrian. Eguraldi eguzkitsua egiten du, eta garaia kontuan hartuta, epela. Eguberriak gertu dira, eta kaleetako dekorazio eta argiak
Gabonetako izpiritua pizteko ahaleginetan ari dira. Osagai horiek guztiak kontuan hartuta, jende askorentzako plana Ficobako Gabonetako azokara joatea izan da.
Asko baino gehiago dira. Eguerdiko hamabiak dira, eta Irun inguruko errepideetan dagoeneko ilarak daude, erakustazokaraino. Hori, ordea, ez da oztopo izan azoka bisitatzeko asmoa dutenentzat, eta aurrera jarraitu dute. Autoa utzi eta gero, bigarrenez, ilarekin topo egin dute leihatilan. Erostera joateko ere sarrera ordaindu behar da, 3 euro, eta hori ere ez da oztopo izan.

Motxilak Gabonetako azokan.
Behin ateak zeharkatuta, lehenengo pabiloira eraman ditu bideak. Jendearen joan-etorria nabaria da sartu berriarentzat. Aurrez aurre, artisauen postuak ditu. Izan ere, Gabonetako azokaren barruan, artisau feria ere egiten dute. Eskala txikiko harrijasotzeko harriak, ilerako zintak eta arropa, egurrezko jostailuak, karterak… Aukera handia dago.
Panpina batzuen atzean dago Naiara Otaño artisaua. Errenteria-Oreretan Naiz izeneko denda dauka, eta, bertan, artilezko txapelak, lepokoak, diademak eta bestelakoak egiten ditu, duela lau urtez geroztik. Iaz ere sail berri batekin hasi ziren, eta fofutxak egiteari ekin zioten berak eta bere bikotekideak. Badabil jendea bere erakustokiaren aurrean. Hori garrantzitsua da Otañorentzat, bere ustez, “saltzeko baino ezagutarazteko aukera” ematen baitie azokak. Bigarren urtea du aurten, eta iaz kontuak ongi atera zitzaizkiela esan du, eta, aurten, oraindik zer gertatuko den ikusteko dagoen arren, errepikatu nahi izan dutela.
Artisautzatik bizitzea oso zaila dela onartu du Otañok: “Jendeak uste du oso erraz egiten direla gauzak, eta saltzerako garaian garestia iruditzen zaie; ez dute ikusten horren atzean dauden lana eta orduak”. Pixkanaka artisautzari bultzada ematen ari diren arren, artisautza baloratzea zaila dela iruditzen zaio egungo gizartean.

Eztia probatzen Gabonetako azoka
Azoka gutxitan parte hartzen du, diru sarrerak ematen badizkio ere, gastu bat ere badelako harentzat. Esaterako, Ficobako ferian egoteko ia 500 euro ordaindu behar izan dizkio antolakuntzari. Hala ere, balantza azokaren alde mugitu da aurten ere, Otañoren kasuan: “Jendeak ikusi eta ukitu egin dezake produktua, eta erakusleiho oso ona da, eskariak ere egiten dizkigute”.
Lehen pabiloia utzi eta bigarrenera sartzearekin batera, aurrez aurre Irungo merkatarien standa dago. Bigarren urtez udalak herriko merkatariei aukera eman die euren postua jartzeko, dohainik. Lehen egunean dauden lau dendetako bat da Dana loradenda, eta Gabonetako pazko landareak apaintzen ari da Idoia Artola dendaria. Lehenengo aldia da harentzat Gabonetako azokan, nahiz eta aurretik ezkontzetarako feriaren batean egon den. Aste arraroa zela kontuan hartuta, baiezkoa eman zion postua jartzeko eskaintzari, eta jaieguna eskatu eta hala egokitu zaio. Orain asmoa denda ezagutaraztea dela azaldu du: “Gabonen inguruan norbaitek dendatik pasatu nahi badu aukera izatea jakiteko zer egiten dugun eta zer saltzen dugun, prezioa… Pixka bat ideia bat eginda ateratzea hemendik, oraindik goiz bada ere”. Aukera, behintzat, badauka, jendetza dabilela ikusi baitu, baina, oraindik, saldu, gutxi. Hala eta guztiz ere, eta krisiak krisi, Gabonetan jendeak beti erosten duela aipatu du. Bere dendan gehien saltzen direnak pazko landareak dira, eta gorriak, “oraindik oso tradizionalak gara”.

Aisia aukera izango da Gabonetako azokan
Artolak bigarren pabiloia partekatzen du beste hamarnaka dendekin, eta era guztietako produktuak aurki daitezke: estetikoak, arropa, etxeko tresnak, koltxoiak… Zaila da komertzialen deiari kasurik ez egin eta aurrera jarraitzea, behin eta berriro saiatzen baitira arreta pizten. Gizon bat postu batean gelditu da, eta bere zapatari distira atera diote. Ondoan, emakume talde bat tamaina txikiko plantxa eramangarri batek nola funtzionatzen duen ikusten ari da. Interes, borondate eta poltsikoaren kontua da, gero, produktuari baietz edo ezetz esatea.
Hirugarren pabiloian, komertzialen deiak baino, gehiago erakartzen du bisitaria jakien itxura eta zaporeak. Olioa, txokolatea, iberikoak, ardoa, foie… Gabonetako mahaiak ere bete behar izaten dira, eta, gainera, usaimena piztutakoan zaila izaten da tentazioari muzin egitea…
Hiru pabiloietatik pasatu eta atseden hartu eta gero, irteteko garaia da. Poltsez beteta edo hutsik? Hori bakoitzaren araberakoa da.
“Urteen poderioz, jendeak artisautza estimatzen du”

Juan Carlos Alvarez artisaua
Lehen aldia da azokara etortzen zarela?
Egin diren ekitaldi guztietan izan naiz, hau zazpigarrena da. Gabiltza elkarteko kidea naiz, egun, presidentea, eta gure elkarteak antolatzen du Gabonetako azokaren barruko Artisauen Azoka. Bere garaian, Ficobako antolakuntzari proposatu nion gaia izan zen, Gabonetako feriak ez zituelako hiru pabiloiak betetzen, eta akordio batera ailegatu ginen pabiloi oso bat artisauek betetzeko.
Horrelako ekitaldi batean parte hartzeak zein abantaila ekartzen dizkio artisauari?
Batetik, azoketarako prestatuta dagoen espazio batean dauden instalazioak ezin dituzu aurkitu beste azoka arruntetan. Oso erosoa da: kargatzeko, muntatzeko, tokia itxia da… Bestetik, horrelako azoka batek bultzada ematen dizu publizitateari dagokionez. Gabiltzak ez du horrelako ahalmenik; aldiz, Ficobak publizitatearekin duen irismena (irratia, prentsa…) oso handia da.
Denda propioa badaukazu?
Ez, nire tailerra daukat, eta, gero, azoketan eta horrelako tokietan saltzen dut. Gabiltzak, gainera, Bretxako merkatua antolatzen du, eta baserritarrek atseden hartzen dutenean, igande eta jaiegunetan egiten dugu.
Zer lan egiten duzu? Zein produktu egiten dituzu?
Material pedagogikoa egiten dut, didaktikoa. Txikienentzako betiko eraikuntzak, forma geometrikoak, zenbakiak, hizkiak, erlojuak, mapak… Horrez gain, taulazko jokoen sail bat daukat.
Egurra bakarrik lantzen duzu, ezta? Zein mota?
Bai. Niretzat oinarrizkoena kontratxapatua da, eta horiekin puzzleak egiten ditut. Egur gehiago ere erabiltzen ditut: pinua, eraikuntzetarako; pagoa; aurkitzen ditudan adarrak…
Noiztik ari zara artisau bezala lanean?
Ia 30 urte egin ditut. Hemen tailerra 2005etik dut [Errenteria-Oreretan dauka egun], baina, aurretik, Madrilen, Gaztela Mantxan… eduki izan dut.
Nolakoa da artisauaren bizitza? Zaila al da soldata duin bat edukitzea?
Garai hobeak izan ditugu. Artisautza ezinbestekoa ez den sektore bat da, garai zailetan umeari puzzle bat erosteari utz diezaiokezu; ziur, diru hori nahiago duzula tabernara zerbait hartzera joaten gastatu. Krisi garaiak nabaritzen ditugu. Kontua da tailer ia guztietan pertsona bakarrak lan egiten dugula, eta mantentzea lortzen dugu, baina ezagutzen ditut itxi behar izan duten tailer asko.
Balioan jartzen ari da pixkanaka artisautza? Kontsumitzaileak gehiago baloratzen du artisauaren lana?
Urteen poderioz jendeak badaki zer den artisautza, estimatzen du eta artisautza bilatzen du, bestela desagertuko litzateke.
Gabonetako azoka honetan jendeak asko erosten du?
Hemen egotearen abantaila nagusia da jende asko dagoela. Azkenean, saltzen duzu, baina krisi garaian gaude eta nabaritzen da.
“Ona da dendatik atera eta jendeari zure produktua hurbiltzea”

Miren Itsaso Martin Tinta Comics-eko kidea.
Lehen aldia da Gabonetako azokan parte hartzen duzula?
Bai, hala da. Bigarren urtez Irungo Udalak hiriko komertzioak jartzeko postua jarri du doan, eta parte hartzeko aukera izan dut. Eskertzekoa da udalak aukera hau ematea.
Lehenengo eguna tokatu zaizu, eta, gainera, jai eguna da.
Bai, zentzu horretan, oso pozik nago.
Zerk animatu zaitu azokara etortzera?
Hasteko, publizitatea. Ona da dendatik atera eta jendeari zure produktua hurbiltzea. Erosi ala ez, behintzat, zer duzun azaltzeko aukera ematen dizu. Gainera, hemengoak, Irungoak gara, eta hemen gaudela erakusteko balio digu.
Helburu finko batekin etorri zara azokara?
Batik bat ezagutaraztea, horregatik ari gara txartelak banatzen, eta, bestetik, ea zer edo zer saltzen dugun.
Zein produktu edukitzen dituzue dendan?
Tinta Comics dendatik nator, komiki denda da. Hortik abiatuta, merchandising-a daukat telesail, komiki eta pelikulei buruzkoa, friki mundua esaten zaiona, nahiz eta niretzat mundu oso zoragarria den. Horrez gain, mahaiko jokoak ere badauzkat, baina ez dira tipikoak. Gainera, dendan Yu-Gi-Oh eta Magic txapelketak antolatzen ditugu.
Orain, Gabonetan, zer saltzen da bereziki?
Bereziki
merchandising-a. Normalean, norbaiti komikiak gustatzen bazaizkio hilabetero erosten ditu. Badaude bilduma batzuk hilabetean behin edo bi hilabetean behin ateratzen direla. Orain, Gabonetan, batik bat giltzatakoak, panpinak eta nik esaten dudan moduan,
txorraditak saltzen dira. Horregatik ekarri ditugu produktu horiek azokara. Ekarri ditut, nola ez, komiki batzuk, baina, batez ere, aipatu ditudanak.
Gabonetan jendeak gehiago erosten du?
Bai, batez ere, erregeetarako. Irunen Olentzerok ez duela horrenbeste funtzionatzen uste dut, batez ere, urtarrilaren 2tik 5era saltzen dugu. Dena den, liburu denda bezala, kultura bonua daukagu, eta oso ongi funtzionatzen ari da, nabaritzen da.
Aurretik izana zara azokaren batean?
Bai, baina komiki azoketan.