Duela hiru urte eta erdi hasi zen elikagaien bankuarengana joaten. Ama zaintzeko lana utzi behar izan zuen; ama hiltzerakoan, laguntzarik gabe geratu zen.
Pilar Goikoetxea hondarribiarra duela hiru urte eta erdi hasi zen Gipuzkoako Elikagaien Bankuarengana joaten. Ama eta osaba zaintzeko lana utzi behar izan zuen, eta ama hiltzerakoan, diru laguntzarik gabe geratu zen. Bilketa handia “itzela” izan dela deritzo eta jendeari laguntzeko eskatzen dio, “iristen delako”.
Noiztik jasotzen dituzu elikagaien bankuak banatutako produktuak?
Orain hiru urte eta erdi hasi nintzen. Ama zaintzeko lana utzi behar izan nuen, ama ezindua zen. Dependentzia Legea zegoenez, etxean geratzea erabaki nuen. Urtebetera ama hil zen, eta geratu nintzen ama gabe, laguntzarik gabe, eta lanik gabe.
Eta laguntza behar izan zenuen…
Bai. Ama bizi zenean, ama, osaba eta ni bizi ginen baserrian. Ama hil zenetik 85 urteko osaba eta ni bizi gara bertan. Bere garaian amarentzat Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eskatu nuen; orain niretzat eskatu dut DBEa, baina osabak pentsioa kobratzen duenez, berarekin bizi naizenez, ez dut eskubiderik jasotzeko.
Eta pentsioarekin ezin bizi…
Hori da. Pentsio txikia du.
Hondarribian hainbat elkarte dira elikagaien bankuko jakiak banatzen dituztenak. Zu zeinengana joaten zara?
Caritasera joaten naiz. Bagenuen kontaktua haiekin, amaren gaixotasuna oso atzetik zetorrelako, eta ezagutzen gintuztelako. Tarteka etortzen ziren guregana, Hondarribiko jaietan eta Eguberritan etortzen ziren, opari moduan amari bisita egitera. Horregatik, beharra izan nuenean, ni joan nintzen haiengana.
Zer produktu dira eskatzen dizkiezunak?
Baserria dugu, nahiz eta baserri bezala ezin duen funtzionatu, bi garelako eta batek 85 urte dituelako. Baina baratzea badugu, eta horrek esan nahi du barazkiak ez ditudala erosten. Orduan ni hilabetean behin joaten naiz jaki bila, eta denbora asko irauten duten gauzak ekartzen ditut, lekaleak, arroza, olioa, esnea… Hilabete baterako kalkulatzen dut eta oinarrizko gauza horiek hartzen ditut.
Eta zer suposatzen du zuentzat elikagai horiek jasotzea?
Elikagaiak laguntza handia dira guretzat. Horretan gastatzen ez dugun dirua erabili dezakegu beste zerbaitetan, zerbait puskatzen bada konpontzeko, edo labadorarako, mila gauzarako.
Eguberrietan zerbait berezia eskatuko al diezu?
Ez. Ez gara familia handia eta garenak baserrian elkartzen gara. Aiton-amonak hemen bizi ziren eta ohitura mantendu dugu. Izeba bat dut, amaren ahizpa, niretzat oinarrizkoa dena. Ez dut beste ezer bilatzen Eguberrietan. Gainera, hemen [Akartegi auzoan], baserri giroa bizi da, beti etortzen da norbait zerbaitekin, guk soberan ditugun azak auzokoari eman, hark ez dakit zer ekarri… Inoiz ez dugu gastu handirik egiten eta ez, ez naiz gauza berezien bila joango Eguberriak direlako.
Badakizu elikagaien bankuak bilketa berezia egin berri duela.
Bai, badakit, eta itzela izan dela.
Gipuzkoan 1.500 boluntariotik gora aritu dira elikagaiak biltzen. Zer esango zenieke?
Nik esango nieke euren lana izugarria dela, egiten duten guztia, gehienbat kontuan hartuta kaleko jende askok ez duela oso argi ikusten kontu hau, jende bati buruhausteak sortzen dizkiela, ondo iristen ote den… Lan izugarria egiten dute, eskerrak ematea besterik ez dago.
Eta argi ez duten horiei?
Laguntzeko esango nieke. Agian pertzepzio hori izan dezakete, behar ez duenaren eskuetara iristen dela, baina hala izanda ere, behar duenarentzat iristen zaio. Ez emateko hainbeste buelta buruari, jende asko dagoela laguntza behar duena.
Eta esango nieke ez gaudela maila desberdinetan. Ni hona iritsi naiz ama zaindu behar izan nuelako, eta hori ulertzen dute. Baina beste bat iritsi bada hona bere garaian drogekin ibili zelako, orduan beste modu batean begiratzen dute. Bada ez, modu batean edo bestean iristen gara beharra izatera, ez gara kategoria desberdinetakoak.
Laugarrenez egin dute bilketa handia Gipuzkoan