Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 682 tona jaso ditu bilketa handian. 20.000 lagunen artean banatuko dituzte. Oarso Bidasoan 38 zentro ari dira lan horretan.
Datorren astean hasiko dira bilketa handian lortutako elikagaiak sailkatzen
Marka guztiak gainditu ditu Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren bilketa handiak. Azaroaren 25ean eta 26an egin zuten eta 682 tona elikagai bildu zituzten, iazko kopurua %9an gaindituta. Herrialdeko 63 herritan antolatu zuten bilketa eta 1.500etik gora boluntarioren laguntza izan zuten. Zenbakiak izugarriak dira. Baina bilketa oraindik ez da bukatu, bildutako guztia sailkatu behar dute, elikagai horien bila joaten diren 20.145 gipuzkoarren artean banatu ahal izateko. Lan handia geratzen zaie oraindik egiteke eta lan horren zatirik handiena Oiartzunen egingo dute.
Ugaldetxo industriaguneko Zuaznabar kalean dago Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren egoitza nagusia. Aurretik Lanbarrenen zeuden, baina han erabiltzen zuten biltegia txiki geratu zitzaien eta 2014an Ugaldetxora mugitzea erabaki zuten. Bergaran badute beste biltegi bat, baina Oiartzungoa da nagusia, eta bertan kokatzen dira erakundearen bulegoak.
Urtean zehar 170 pertsona aritzen dira elikagaien bankuan boluntario lana egiten. Luis Mari Goldarazena antxotarra da horietako bat: “Jubilatu nintzenean hasi nintzen, eta astean behin edo bitan etortzen naiz”. Baina maiztasun horrekin baino gehiagorekin azaltzen ari da azken asteetan Ugaldetxotik. “Kanpainarekin lan handia dago. Boluntario asko kanpainarako etortzen dira bakarrik, eta funtzionamendua ezagutzen dugunok ibiltzen gara haien lana koordinatzen”.
Laugarren urtea izan du aurten elikagaien bankuaren bilketa bereziak eta, hau ere, arrakastatsua izan da guztiz. 682.000 kilo bildu dituzte. “Kontent gaude —esan du Goldarazenak apaltasunez— iaz baino 50 tona gehiago lortu ditugu”. Baina bildu, gutxiago bildu dituzte, 469.000 kilo, eta beste 213.000 euro bonoetan —euro bakoitzeko kilo bateko kalkulua egin dute—. Aurten bigarrenez erabili dituzte bonoak, «batez ere, biltegietan iraungitzeko arazoak dituzten produktu gutxiago pilatzeko». Hala, bilketa egin zenean, lagundu nahi zuenak bi aukera zituen, produktuak erosi eta boluntarioei eman, edo bonoak erosi. “Euro bateko, hiruko eta bost euroko bonoak zeuden. Boluntarioei erosi eta kutxan utzi behar ziren”, azaldu du antxotarrak.
Iaz 70.000 euro lortuz zituzten bonoetan eta aurten hirukoiztu dute kopuru hori: “Emaitza bikaina izan da —aitortu du Goldarazenak—. Batetik, bildutakoa sailkatzeko lana errazten du [50 tona gehiago lortuta, iaz baino 170 gutxiago sailkatu behar dituzte]; bestetik, iraungitzen diren elikagai gutxiago izango ditugu biltegian; eta azkenik, bonoak erabiltzen ditugunean, erosketa egiten dugunean, guk behar ditugun produktu horiek erosiko ditugu”. Izan ere, bono horiek nahi duenean erabiliko ditu bankuak, zerbaiten beharra antzematen dutenean. Elikagai batzuk ez bezela, bonoek iraungitzeko datarik ez edukitzea hitzartu dute bankuak eta bilketa berezian lagundu zuten supermerkatuek.
Bidasoko elkarte onuradunak
- Hondarribia. Nagusilan, Sagarrondoko eta Jasokundeko Andre Maria parrokia, Frantziskotarren parrokia eta Mikel Garikoitzen parrokia.
- Irun. Adiskidetuak; Irungo Udala; Berpiztu; Kateako Caritas; Gurutzeko Alabak, Asamblea de Dios Ministerio Latino eta Asamblea de Dios Despertar en Cristo elizak; Centro Biblico Eliza Ebanjelikoa; Nagusilan; Familia Santua, Jesusen Bihotza, San Gabriel eta Santa Gema, San Jose Langilea, San Juan Batailatzailea, Junkaleko Ama eta Artigako Kristo Donea parrokiak; RAIS Euskadi; Jesusen Zerbitzarien eliza; Tadamum elkartea; Taupadak.
Sailkatu, hilaren 12tik
Azaroaren 25ean eta 26an burutu zuen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak aurtengo bilketa handia, baina ez zen orduan bukatu. Lehen zatia soilik izan zen hori. Datozen asteetan bildutakoa sailkatu beharko dute, eta hori datorren astetik aurrera egingo dutela azaldu du Antxoko boluntarioak: “Aurreko urteetan bi astean egin dugu lan hori. Aurten denbora gehiago erabiltzea erabaki dugu, sailkatze prozesua aurretik hobeto antolatu nahi dugulako”.
Laugarrenez egin dute bilketa handia Gipuzkoan
Orain arte, kaxa guztiak egoitzatik 100 metro ingurura dagoen biltegi handi batera eraman zituzten, Ondarreta altzari enpresak utzi diena. Hortik, esnea bereizi eta beste biltegi txikiago batera mugitu dute dagoeneko, eta gainontzeko guztia sailkatzeko zain dago. «Hilaren 12an hasiko gara sailkatzen. Pabiloiaren erdian uhal garraiatzailea jarri dugu, eta horrek asko erraztuko du lana». Uhalaren mutur batean sailkatu gabeko elikagaiak jarriko dituzte, eta bi aldeetan boluntarioak jarriko dira, bakoitzak bereproduktuak sailkatzeko kaxak atzean izango dituelarik. Astelehenetik aurrera laguntza beharko dutela deritzo Golzarazenak: “Norbaitek lagundu nahiko balu, nik uste baietz esango diotela”. 943 49 37 96 telefono zenbakira deitu behar da horretarako.
Sortu zenetik izugarri handitu da elikagaien bankuaren jarduera. “Hasieran, elikagaien bankukoak ginela esatean jende batek bizkarra ematen zigun, preferenteen garaia zelako —kontatu du Goldarazenak, irribarrez—, eta banketxeekin nahasten gintuztelako. Orain ezagutzen gaituzte”.
Gauzak asko aldatu dira. Gipuzkoarrek badakite nortzuk diren elikagaien bankukoak, eta zertan ari diren. Ziurrenik, nahiago lukete egiten duten boluntario lana egin beharrik ez izatea, baina ezinbestekoa den bitartean, markak hausten jarraitzeko prest dira.
682 tona elikagai
Markak hautsi ditu berriro Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren bilketa handiak. 469.000 tona elikagai lortu dituzte, eta 213.000 euroko balioa duten bonoak saldu, 682 tona guztira. 2013 urtean egin zuten lehen aldiz bilketa handia. Urte hartan 350.000 kilo bildu zituzten. 2014an jauzi handia eman zuten, 575 tonaraino. Iaz 626.000 kilo lortu zituzten, 556 tona produktuetan eta 70 bonoetan.