Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeko hiru kideak Filippiadan eta Katsikasen aritu dira lanean, eta azken astea Kios irlan eman dute.
Labaien, Cabezon eta Garmendia, aireportura iritsi berritan
Herrian dira dagoeneko Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara bi ibilgailu eraman zituzten Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeko hiru hondarribiarrak. Ibai Labaien, Imanol Garmendia eta Marina Cabezon gaueko bederatziak eta laurdenetan iritsi dira Hondarribiko aireportura. Senitartekoak eta lagunak zituzten zain, eta aurreskua dantzatu diete atetik ateratzen hasi direnean.
Labaienek bi hilabete pasatu ditu Grezian eta Cabezonek eta Garmendiak hilabete bat. Donostiako Udalak dohaintzan emandako bi Seat Marbella eramatera joan ziren eta Filippiada eta Katsikas-Ioannina kanpalekuetan aritu dira lanean; azken astea Kios irlan eman dute, eta erreskate taldetan parte hartu dute.