Ikasbasket taldeak jauzia eman du
Azken lau partidak irabazi ditu, azkena Errioxan. Hurrengo partida irabaziz gero hirugarren bukatu lezake lehen itzulia.
Azken lau partidak irabazita, Bigarren Euskal Ligako sailkapenean jauzia eman du Express Hondarribia Ikasbasket taldeak. Larunbatean Pradejonen (Errioxa) 41-75 irabazi zion San Antoniori eta denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen. Hirugarren kokatu dira hondarribiarrak, garaipen bat gehiago duten Sensitest Navarro Villoslada eta Campus Promete taldeen atzetik; partida bat gutxiago jokatu duten bi talde horiek. Bi jardunaldi geratzen dira lehen itzulia bukatzeko eta Ikasbasketek ez du oraindik atsedenik izan, bi asteburu barru egingo du. Gauzak horrela, eta multzoko erdialdean dagoen parekotasuna ikusita, zaila da jakitea hemendik aurrera zer gertatuko den, baina ez dirudi Hondarribiko taldeak arazorik izango duenik mailari eusteko, orain arte sailkapenean behean dauden taldeen aurka nagusitasuna erakutsi baitu. Hamar partidetatik hiru galdu ditu Hondarribia Ikasbasketek, multzoko lehen bien kontra eta bosgarren dagoen Embalajes Blancorekin; hiru partida horietatik bitan gertu izan zuen garaipena —Prometeren kontra 4 puntugatik galdu zuen eta Embalajesen kontra 3gatik—. Mailako defentsa onena du Ikasbasketek, bataz beste 49 puntu jasotzen ditu partidako, eta horri eutsi nahiko dio bigarren itzulian. Baina bigarren itzuliaren aurretik, zortzigarren garaipenaren bila joango dira hurrengo jardunaldian. Hilaren 17an izango da, eta Hondartza kiroldegian jokatuko dute Paz de Ziganda Ikastolako taldearen kontra. Bost garaipen eta lau porrotekin daude iruindarrak, baina azken lau partidak irabazi dituzte. Ohiko ordutegian izango da lehia, 19:30ean.