Zulora erori da Hondarribia
Ohorezko Mailako taldeak Ostadarren kontra galdu du eta azken aurreko tokira jaitsi da.
Ostadarrekin etxean 1-2 galdu eta gero, jaitsiera postuetara erori da Hondarribia FE-ko lehen taldea. Hondarribiarrek zortzi partida daramatzate irabazi gabe eta azken bost partidak galdu dituzte, horietako bi jaitsierako postuetan zeuden taldeen kontra, biak Hondartzan. Larunbateko porrota bereziki mingarria izan zen. Batetik, Ostadarrek arnasa hartzeko aukera izan duelako; eta bestetik, Hondarribia FE bera erori delako putzura. Ostadarrek bezala, azken tokian dagoen Martutenek ere irabazi zuen —Aloña Mendiri— eta borroka latza ezarri da beheko postuetan. Martutenek 7 puntu ditu orain, 10 Hondarribiak eta Aloña Mendik, eta 11 Ostadarrek. Pixka bat gorago Elgoibar eta Beti Gazte daude, 13rekin, eta urrutiago Vasconia, 16rekin. Liga ondo hasi zuen Hondarribiak baina azken jardunaldietan asko korapilatu zaio. Dagoeneko badaki ondo zein izango den denboraldiko helburu bakarra, jaitsierari izkin egitea. Baina horretarako lehenbailehen puntuak pilatzen hasi behar da taldea, ahal izanez gero, hurrengo partidatik hasita. Ez du lan erraz izango, multzoko goiko aldean dagoen Aretxabaletaren kontra jokatuko baitute, kanpoan gainera.