Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek Hondarribiko gaztetxoek udalaz eta aisialdiaz duten iritzia jaso du Gaztedromoa baliatuz.
Gaztedromoa dinamizatu zuten ikasleak, Karmelo Goikoetxea euskara teknikariarekkin
Hondarribiko hiru ikastetxeetako 15 urteko 135 ikaslek parte hartu zuten joan den ostiralean Kasino Zaharrean egin zen lehen gaztedromoan. Euskararen Nazioarteko Egunari lotutako ekitaldia zen eta gazteek elkar ezagutzea eta euskaraz mintzatzea zituen helburu nagusi bezala, baina ez horiek bakarrik. Izan ere, gazteek udalaz eta herriko aisialdiko eskaintzaren inguruan duten iritzia ezagutzeko baliatu zuten ekitaldia. Horretarako, Mondragon Unibertsitateko (MU) Lidergo Egintzaile eta Berrikuntza graduko bigarren mailako Drop ikasle taldearen laguntza izan du.
Olaia Martinez Agorreta MUko Drop ikasle taldeko kidea da HITZAri azaldu dionez, ekitaldiaren aurretik oso inportantea izan zen helburuak zeintzuk ziren zehaztea. Hondarribiko gaztedromoaren kasuan, hainbat helburu bilatzen zituen eta inportanteena, “erronka baten aurrean soluzioa herritarrek ematea, kasu honetan gazteek”. Horrez gain, “gazteek parte hartzea herrian antolatzen diren ekintzetan, haien artean elkar ezagutzea eta harremanetan jartzea, sentimenduak adieraztea, eta udalaren eta gizartearen arteko konexio handiagoa izatea” zituen helburu bezala ostiraleko gaztedromoa ekitaldiak.
Proiektu eta bezero errealekin ikasten ari diren hamasei ikaslek osatzen dute Drop taldea eta Hondarribira haietako zazpi hurbildu ziren ostiralean. Gaztedromoa antolatzeko eta dinamizatzeko ardura izan zuten, eta ekitaldiaren dinamika prestatu zuten solasaldiak balio zezan udalak ezagutzeko gazteek aisialdiari buruz duten ikuspegia zein den: “Udalak jakin nahi zuena zen gazteek nola ikusten dituzten aisialdiko ekintzak, eta guk galderen bitartez gai hori landu dugu”, argitu du Martinez Agorretak.
Olaia Martinez Agorreta, zutik, Gaztedromoko lehen txanda ikuskatzen
Gaztedromoa antolatzeko herriko ikastetxeekin harremanetan jarri ziren MU-ko ikasleak, jakin zenbat ikasle joango zitzaizkien eta txandak antolatu. Talaia eskolako 75, Ama Guadalupekoa ikastetxeko 45 eta San Joseko 15 bat ikaslek parte hartu zuten, 15-16 urtekoak denak, 135 guztira. Bi txanda antolatu zituzten eta txanda bakoitzean hamabost minutuko hiruna saio egin zuen ikasle bakoitzak, saio eta saio artean solaskidez aldatuz.
Ondorioak, udalaren esku
Drop taldeko kideek Kasino Zaharreko mahaiak paperez bildu zituzten, “ikasleek marrazkiak egin ahal izateko”, eta ikasleei koadernoak banatu zizkieten, ondorioak idatzi zitzaten. Bukaeran, koaderno horiek jaso zituzten dinamizatzaileek, eta udalari eman zizkioten, hor azaltzen diren kezka, zalantza, eskaera eta proposamenak kontuan har ditzan. “Gazteek azaldu dute haientzat zein izango litzatekeen Hondarribiko egoera ideala, eta ondorioetan, egoera hori lortzeko zein ekintza antolatu beharko liratekeen idatzi dute”, gaineratu du MU-ko ikasleak. Hala, adin txikikoentzat gazte olinpiadak antolatzea, tailerrak —joskera, batukada, musika…—, kart txapelketak, gazteen arteko kirol txapelketak, mendi txangoak, eta beste hainbat ideia proposatu zituzten gazteek joan den ostiralean Kasino Zaharrean.
Gazteak irribartsu itzuli ziren eskoletara eta dinamizatzaile taldeak oso positibotzat jo zuen esperientzia: “Gure ustez oso ondo joan da, dinamika oso produktiboa izan da, ideia asko atera dira. Gazteak izanda zalantza genuen benetan parte hartuko ote zuten eta ideiak aterako ote ziren, baina ikusi dugu, batetik, kezka badutela, eta bestetik, ideiak ere badituztela. Uste dut oso ondo joan dela eta udalak aurrerantzean ideia asko izango dituela”. Martinez Agorretak gaineratu duenez, orain aste pare bat beharko dute euren ondorioak bildu eta txostena udalaren esku uzteko.
Hala joan zen Hondarribiko Euskara Zerbitzuak lehen aldiz antolaturiko gazteentzako mintzodromoa. Lau orduz, herriko hiru ikastetxeetako 15 urteko haurrek elkar ezagutzeko aukera izan zuten, eta euren kezkez euskaraz mintzatzeko aukera izan zuten. Baina ez hori bakarrik, euren iritzia eman zuten, etorkizunean eurentzat eta atzetik datozkienentzat nahi duten herria margotzeko aukera izan zuten, eta idatzita geratu dira euren ideiak. Egin beharrekoa eginda irten zuten ikasleek Kasino Zaharretik. Orain udalak egin beharko ditu etxeko lanak.