Bihartik ostegunera Gabonetako Azoka egingo dute Ficoban: 140 erakusketari bilduko dira.
Gabonetarako bat baino gehiago hasiko da bazkari nahiz afarietan eta oparietan pentsatzen, eta eskaintzak nahi baditu Ficoban batzuk aurkituko ditu bihartik hasi eta ostegunera bitartean: 140 erakusketari izango dira eta hiru pabiloiak beteko dituzte.
Eskaintza gastronomikoari dagokionez, kalitateko produktuak eskainiko dituzte, eta besteak beste, Iparraldeko produktuak aurkitu ahal izango da: Irulegiko ardoa, Ezpeletako piperrak, Kintoa elkarteko euskal txerri ekologikoa…
Aisialdia, osasuna eta edergintza, dekorazioa, moda eta osagarriak, etxea, ibilgailuak eta zerbitzuak… denetik egongo da, ate joka diren jaietan gozatu ahal izateko.
Artisautza Azoka
Irungo Artisautzaren Azokak ere izango du tokia Ficoban egun hauetan. Produktuen erakusketaz gain, hainbat ekintza ere egingo dituzte. Modu horretara, artisautzaren mundua gertutik ezagutzeko aukera izango da.
Edonola ere, hainbat jarduera izango dira azokan zehar familia osoari zuzenduta: puzgarriak, jokoak, zunba, tailerrak… Horrez gain, bi lagunentzako itsas bidaia bat zozkatuko dute Mediterraneoan barrena. Eguberrietako sortak ere zozkatuko dituzte, baita saskia eta 125 euroko opari txartel bat ere, azokan bertan gastatzeko.
Bihar eta etzi 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik; eta azken egunean, ordubete aurretik itxiko dute. Sarrerak 3 euro balio du (12 urtetik beherako haurrek dohainik).
2015eko Gabonetako azoka, Ficoban.