Bihar arte, Irungo Ekocenterrean Emausen elkarte enkantea ikusi eta eskaintzak egiteko aukera dago.
Etxeko armairuan ezkutatuta egoten dira, edo trastelekuan, edo ganbaran. Zaila da jakitea noiz utzi zioten objektu izateari, eta traste bilakatu, baina berriz ere objektu izan daitezke, eta horren jakitun dira Emaus fundazioan. Izan ere, horiekin elkartasun enkantea egiten ari dira. Urtean zehar euren zentroetan jasotzen dituzten objektuekin egiten dute enkante hori, eta, Begoña Cabaleiro Emauseko komunikazio arduradunak azaldu duenez, bildutako dirua fundazioan bertan inbertitzen dute, gizarteratzeko lanpostu berriak sortu eta dituztenei eusteko helburuarekin.
Elkartasun enkanteak zortzigarren urtea bete du. Emausen tarteka jasotzen dituzten balio handiko objektuekin zer egin hausnartzen ari ziren fundazioan, eta, hala, enkantea martxan jartzea otu zitzaien: “Pentsatu genuen interesgarria, aberasgarria eta dibertigarria izan zitekeela”, zehaztu du Cabaleirok. Jendeak ere tamainan erantzun zuen, eta hasieratik harrera ona izan duela gaineratu du.
Mota guztietako objektuak jasotzen dituzte, eta, urtetik urtera, oso ezberdinak izaten direla jakinarazi du Emauseko ordezkariak: koadroak, altzariak, aldizkariak, etxeko objektuak… Bildu dituzten objektuen artean, Cabaleirok gogoan du Salvador Dalik diseinatutako zopa ontzi bat, egiazkotasun zigilu eta guzti; “oso bitxia izan zen”. Beste adibide bat ere jarri du: Victor Hugo Pasaian izan zeneko altzariak. Egun, hain zuzen, Pasaiako Victor Hugo museoan daudela azaldu du. Eskaintza handiena egin dutenen objektuen artean, XVIII. mendeko argizaiola bat dago.
Aurten, berriz, jaso dituzten objektu berezienak Hondarribiko paradoreak emandako tamaina handiko hiru koadro izan dira. Hasieran “bihotza gelditu” zitzaiela azaldu du Cabaleirok, balio handikoak zirelakoan. Edonola ere, esperotako balioa ez izan arren, “interes handikoak” direla esan du. Adam Pereille XV. mendeko Frantziako grabatzailea da egilea, eta 1660an Faisaien uhartean sinatutako bake hitzarmenari aipamena egiten diote. “Interneten ikusi genuen bere obra guztia Louvren zegoela, Donostian zeuden koadro batzuk izan ezik. Horiek San Telmo museoan daude, eta hiru koadro hauek horien kopiak dira, paradoreak berak eskatutakoak”, gaineratu du.
Horrez gain, hartzak harrapatzeko zepo bat aurki daiteke, EAJren
Aberri Eguna aldizkariko lehen zenbakia —1932koa—, Falangearen etiketa duen botila bat, 1970eko hamarkadako Euskadiko Ezkerraren pankarta bat, HMV (
His master’s voice) markako harrizko disko batzuk, Arrasaten egindako ikatzezko plantxa bat, 1920 eta 1930eko hamarkadetako zinema aldizkariak,
La unidad egunkariko ale bat Kennedyren heriotzaren berri emanez, idazteko makinak, argazki makina bat, Montesa motor bat…
Objektu horiek guztiak aurten Donostia, Arrasate eta Irungo zentroetan jasotakoak dira. Hilabete bakoitzean hamar objektu sailkatu dituzte, eta, guztira, 80 objektuko sorta egin dute. Horrekin erakusketa bat osatu dute, eta herriz herri ari da mugitzen. Donostian eta Arrasaten izan da azken asteetan, eta, orain, Irungo Ekocenterren ikus daiteke, biharko 16:00ak arte. 10:00etan zabaltzen dute.
Lehen urtea da erakusketa ibiltaria egiten dutena. Lehen, zentro bakoitzean objektu batzuk aukeratu eta bertan egiten zuten enkantea. Aurten, ordea, ikuspegi globalago bat eman nahi izan diote: “Erakusketa ibiltaria izanda aberasgarriagoa eta interesgarriagoa dela iruditzen zaigu, nahiz eta, beste alde batetik, gogaikarriagoa ere baden”, adierazi du Cabaleirok. Aurtengo beste berritasuna Ramon Barea Irungo historialariak emandako laguntza izan da: “Formatzen aritu zaigu, irizpide gehiago izateko, eta gauza zaharrak berrietatik bereizten ikasteko”.
Norbaitek objekturen batean interesa edukiko balu eskaintza egitea “oso erraza” dela esan du Emauseko komunikazio arduradunak: “Objektu bakoitzak etiketa bat dauka erreferentzia zenbaki batekin eta prezio batekin. Eskaintzaren bat egitekorakoan, finkatutako prezio horretatik abiatuta, objektu hori lortu ahal izateko ordaintzeko prest zauden kopurua idazten duzu. Txartel bat betetzen duzu datu pertsonalekin, zure eskaintzarekin batera, eta kutxa batean sartzen duzu —notarioak lakratuta dagoena—”. Notario batek zabalduko du kutxa abenduaren 13an, eta zerrenda bat egingo du eskaintza handiena egin dutenekin. Gero, Emaus horiekin harremanetan jarriko da, eta, azkenik, ordainketa egin eta erositakoa emango diote. “Arima daukan elkartasun objektu bat jasoko dute Gabonetarako”, iritzi dio Emauseko kideak.
Eskaintzak edonork egin ditzake, eta nahi duen bezain bestetan: “Ez da enkante elitista bat, herrikoia baizik”. Oro har, prezioak “oso baxuak” izaten direla adierazi du Cabaleirok, eta hasieran finkatzen dituzten prezioak “5 eta 200 euro artean” ibiltzen dira. Eskaintzak egiten dituztenen artean, nostalgikoak, antikuarioak eta museoetako jendea aurki daiteke: “Badago jendea bere garaian Scalextric bat izan zuena, edo, alderantziz, izan ez zuena, eta ikusitakoan interesa pizten diona”.
Urtetik urtera, objektu ezberdinak jasotzen dituzte, eta, beraz, bildutako diruaren kopurua ere aldatuz doa. Iaz, esaterako, 6.000 euro inguru biltzea lortu zuten elkartasun enkantean. Cabaleiroren arabera, ia objektu guztiek jasotzen dituzte eskaintzak: “Objektuak hautatuak izaten direnez, normalean, interesa pizten dute, eta beste jabe bat lortzen dute”.
Objektu gehiagoren argazkiak ikusteko, bisitatu
webgune hau.
Emausen elkartasun enkantea