Bidasoko zenbait artistek erakusketa jarri dute Irungo Atrezzo dendan, 23 urtez euren lanak markoztatu zituen Martin Ugarteren omenez. Udan hil zen Ugarte.
(ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)
Egunotan Atrezzo marko dendara hurbiltzen direnek aldatuta aurkituko dute Geltoki kaleko establezimendua. Zaila da bi egunetan jarraian dendako paretetan koadro berberak ikustea, baina oraingoan erakusketa berezi batekin egingo dute topo bezeroek. Bidasoko zenbait artistek Martin Ugarte zenak markoztatutako obrak eskegi dituzte Atrezzon, haren omenez, eta esker onez.
Ekainaren 9an hil zen Ugarte Arzua herrian (A Coruña, Galizia), Done Jakue Bidea hirugarrenez osatzeko bi etapa falta zitzaizkiola. 52 urte zituen eta kolpe latza izan zen familia eta lagunentzat, inork ez baitzuen horrelakorik espero. Galizia asko maite zuen, eta horregatik, ekainean egiteke utzi zituen 38 kilometroak osatzea erabaki zuten senitartekoek. Azaroaren 1eko zubian egin zuten, autobusez Arzuara bidaiatu, eta hortik abiatuta osatu zuten ibilbidea. Berrogeitik gora izan ziren Obradoiro plazarainoko tartea egin zutenak, horien artean Ugarteren ama, 80 urte pasatxo dituena.
La Voz de Galicia egunkariak azalera eraman zuen istorioa.
Irundar petoa eta gizon konprometitua zen Ugarte. Euskalgintzarekin, alarde publikoarekin —artxeroa zen—, herrigintzarekin… Ugarte hil eta lau egunera, Bidasoko Gure Esku Dago-k (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko Eskuen Eguna ospatu zuen; Hondarribia eta Hendaiatik abiatutako giza kateak Zabaltza plazara iritsi zirenean, aurkezleak hitz politak izan zituen GEDeko Irungo taldeko kide izandakoarentzat. Askok une horretan izan zuten albiste lazgarriaren berri.
23 urtez elkarrekin lanean
Hilaren 11ra arte Martin Ugartek markoztatutako artelanak ikus daitezke Atrezzon. Iñaki Ugartek, Martinen anaiak, kontatu duenez, Javier Sagarzazu hondarribiarraren ideia izan zen: “Sorpresa handia izan zen. Nolabait, gure bezeroak dira, eta azkenean lagunak ere, erakusketa asko egin dituztelako eta anaiak muntatzen zizkielako lanak. Oso kontent gaude”. Sagarzazurekin batera, Javier Arizabalo, Sara Otaño, Jose Luis Noain, Pepita Ariztizabal, Lola Sarratea, Carmen Maura, Iñaki Ezeiza, Maria Maldonado, Santi Noain eta Cele Otañoren lanak ikus daitezke erakusketan, estilo eta tematika desberdinekoak, baina denak Ugartek jarritako markoekin, bakoitzari berea.
Iñakik hogeita hiru urtez egin du lan Atrezzon Martin anaiaren ondoan, eta hitzik ez du aurkitzen orain sentitzen duen hutsunea zehazteko. Anaia, goitik beherako profesionala zela dio: “Sekulakoa zen, oso zorrotza, esku oso onak zituen, nik ez ditut hain onak. Profesional bikaina zen, onena”. Dendaren sarreran eskegita dauden koadroak ikustea besterik ez dago hori egia dela antzemateko, artelan bakoitzean margotu duen artistaren arimaren zati bat azaltzen den bezala, markoa jarri zien artistarena ere suma baitaiteke.
Hilaren 11n kenduko dute Bidasoko artistek Martin Ugarteren omenez Irungo Atrezzo marko dendan jarritako erakusketa. Langile bikainari, pertsona konprometituari, lagun handiari omenaldia egin nahi izan diote, markoan jartzeko moduko bizitza bati gorazarre.