Irantzu Epeldek Irun-Hondarribiko gazteen hizkeraren gaineko ikerketa egin du. 2014ko Loidi Bekaren irabazleak gaur aurkeztuko du bere lana.
Gaur arratsaldean aurkeztuko du jendaurrean Irantzu Epelde hondarribiarrak
Jose Antonio Loidi bekarekin saritu zuten lana:
Irun-Hondarribiko gaztea hizkeran: euskalki eta euskara estandarra. Hain zuzen, hitzaldiaren aurretik, horren gaineko hainbat xehetasun eman ditu, eta bere ikerketaren sarrera bat egin du.
Hasteko, bi herrietako ahozko hizkuntza izan duela kontuan esan du Epeldek, eta hori aztertuz, gaur egungo euskara hiztun talde baten gramatika ezaugarri nagusiak erakutsi nahi izan ditu. Horrekin denboran aldaketak nola ematen ari diren agertzeko. “Dialektologian punta puntako gaia” dela azaldu du Epeldek, eta horretarako berebiziko garrantzia dutela gaurko hizkeren deskribapen ahal bezain leial eta fidelenek”.
Ikerketa hori Euskal Herri osoan eta belaunaldi guztiak kontuan hartuta egin beharko litzatekeela iritzi dio ikertzaileak, baina berak Irun eta Hondarribiko eremura mugatu behar izan duela.
Horretarako, 30-40 urteko adin tarteko hamasei pertsona elkarrizketatu ditu hondarribiarrak. Adin tarte hori aukeratzeko arrazoi nagusia izan zen elkarrizketatuen erdiak D ereduan eskolatutakoak izatea nahi zuela. Adin tartea mugatu arren, inkesta pilotuetan gazteagoak eta zaharragoak ere elkarrizketatu ditu. Guztira, 5.000tik gora erantzun eta testu libre jaso ditu.
Horietan ondorioztatu du konbergentzia aldaketak eman direla, euskara batuaren baina baita gipuzkeraren ondorioz ere. Adibide gisa jarri du “etxeruntz” bezalako hitzen erabilera, euskara batuak eskatuko lukeen “etxerantz” bezalako hitzen aurrean.
Hitzaldia 18:30ean hasiko da Amaia KZn.
Irantzu Epelde 2014ko Loidi Bekaren irabazlea.