Hizkuntza politikaren hutsuneez eta etorkizuneko erronkez aritu da aste honetan Xabier Isasi Donibanen, Bixi Bixi elkarteak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira gonbidatut
Herritarrek beren kezkak eta iritziak partekatzeko aukera izan zuten Donibaneko Aiton-Amonen Aterpean egin zen hitzaldian.
«Hazkunde baten kronika da euskararena. Euskal gizarteak badu pozik eta harro egoteko motiborik». Hala baieztatu zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskararen VI. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako datuak baloratzean.
Eusko Jaurlaritzak urrian aurkeztu zuen VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Euskararen bilakaera soziala neurtzen du inkestak, eta bost urtean behin egiten du. Urrian aurkeztu dutena EAEn 25 urtean egin duten seigarrena inkesta da. Baztarrikak «euskararen hazkunde jarraitua hazi ez ezik areagotu» egin dela goraipatu zuen aurkezpenean.
Euskalgintzan, baina, denek ez dute inkestaren irakurketa bera egiten, ez behintzat hain positiboa, eta euskararen bilakaerarekin kezkatuta, hizkuntza politika eztabaidatu beharra dagoela aldarrikatzen dute.
Zentzu horretan mintzatu da aste honetan Donibanen Xabier Isasi estatistika irakaslea. EH Bilduren legebiltzarkide ohia, Gaindegiako kide ere bada, eta bi hamarkada daramatza euskararen estatistikak modu kritikoan aztertzen. Bixi Bixi elkarteak gonbidatu zuen Pasaiara, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldien barruan.
Euskarari buruzko inkestek esaten ez digutena izenburupean, azken inkestaren gakoak azaldu eta euskal hiztun herriak daraman bilakaeraren argazkia egin zuen Isasik lehengo asteartean Donibanen.
Neurtzen ez denaz
«Zenbatzen ez dena ez da existitzen». Hala baietsi zuen Isasik inkestek duten garrantziaz ohartarazteko, eta zentzu horretan neurketen balioa goraipatu zuen. «Zenbat garen jakitea oso garrantzitsua da gure eskubideak gordetzeko», gaineratu zuen.
Izan ere, gabeziak, inkestan baino, inkestak jasotzen ez dituen horietan ikusten ditu Isasik: «Inkestak teknikoki ondo eginak daude, baina gauza batzuk galdetzen dira eta beste batzuk ez».
Horrez gain, datuen erabilera interesatua ere egin ohi dela azaldu zuen, eta arduradun politikoek inkestetako datuak beste ezertarako baino, euren politiken defentsa egiteko eta «euren burua zuritzeko» erabiltzen dituztelako kexu azaldu zen Isasi: «Herritarren eskubidea da informazio estatistiko zuzena ezagutzea».
Erabilerarako oztopoak
Inkestak aztertzen hasi zirenean «euskaldunen kopurua puztuta» zegoela antzeman zutela baieztatu zuen Isasik, eta neurketak egiteko orduan metodologia ezberdinak uztartzeko beharra defendatu zuen. Errealitatea neurtzeko orduan galdetzea ez dela nahikoa iritzi dio, eta euskararen erabileraren kale neurketak goraipatu zituen, azken urteotako argazkia osatzeko ezinbesteko izan direlakoan.
1981. urtetik 2011. urtera bitartean, 4.000 euskaldun galdu dira
Abiatu den legealdia erabakigarria izan daitekeela uste du estatistikan adituak
Zentzu horretan, VI. Inkesta Soziolinguistikoak dituen hainbat gabezia nabarmendu zituen, eta, besteak beste, euskararen erabilerarako dauden oztopoengatik ez dutela galdetzen nabarmendu zuen: «Elebide eta Behatokiaren bidez salaketak jasotzen dira, baina gero salaketa horiek ez dira aztertzen, eta informazio hori ez da erabiltzen plan bat egiteko».
Eta adibide hori erabilita erantzun zion Isasik berak hitzaldiaren izenburuari: «Beraz, zer da inkestek ezkutatzen digutena? Galdetzen ez dena, normalean hizkuntza politikaren elementu negatiboak».
Euskaldunen tipologiaz
Isasik zaldu zuenez, 1981. urtean egin zuten lehen zentsua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orduan euskararentzat 25 arnasgune zenbatu zituztela jakinarazi zuen —biztanleriaren %85 baino gehiago euskalduna denean kontsideratzen da udalerri bat arnasgune—. «2011. egindako zentsuan bi baino ez dira geratzen», ohartarazi zuen, eta bitarte horretan 4.000 euskaldun gutxiago daudela zehaztu zuen.
Aitzitik, zonalde erdaldunetan azken urte hauetan euskaldun piloa sortu direla baieztatu zuen: «Asimetria bat sortzen da. Udalerri txikietan bizi diren euskaldunek badakite galtzen ari dela euskara, bizi egiten dute, sentitu egiten dute. Aldiz, udalerri handietan ikusten dute euskara gero eta gehiago erabiltzen dela».
Hizkuntza politikaren hutsuneei erreparatu zien Isasik
«Hizkuntzaren ekologiaren ikuspegitik» egoera erabat irauli dela nabarmendu zuen Isasik.
Bide beretik, azken euskaldun elebakarra noiz desagertu zen ez dela jakina ohartarazi zuen, hain zuzen ere, inkestetan halakorik ez delako inoiz ere galdetu: «1981. urtean egin zen lehen zentsua, baina jendeari ez zitzaion galdetzen euskaraz bakarrik ote zekien».
Gaur egun euskaldun elebakarrik ez dela, eta bilakaera horretan euskara galtzaile dela defendatu zuen: «Iritsiko da momentu jakin bat non euskaldun gehienak hobeto moldatuko garen
castellanoz euskaraz baino. Hori da joera». Esan zuenez, «gaur egun, herririk euskaldunenean ere 11 urte bete orduko euskara eta
castellanoa-ren konpetentzia linguistikoak berdindu egiten dira».
Egoera «oso ezegonkorra»
Gaur gaurkoz euskararen egoera «oso ezegonkorra» dela iritzi dio Isasik, eta Unescok hala berretsi duela esan zuen, hizkuntzen sailkapenean, euskara hizkuntza «zaurgarri» gisa sailkatuta dagoela, hau da, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean.
Zentzu horretan, «adi egon beharra» dagoela defendatu zuen, «euskaldunok borroka ideologikoa galtzen ari garela» uste duelako, eta «beldurra» eta «lotsa» baztertu, eta «harrotasuna» eta «duintasuna» berreskuratzeko deia egin zuen.
Legealdi berria «erabakigarria» izan beharko lukeela defendatu zuen Isasik. Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren sorreraren mendeurrena beteko dela gogoratu, eta euskara batuak 50 urte beteko dituela nabarmendu zuen, eta horregatik guztiagatik normalizazioaren bidean urrats kualitatiboak egiteko ordua dela esan zuen: «Heren bat baino gehiago izatera heltzen gara edo maldan behera ibiliko gara».
35
euskarak interneten duen postua
Euskarak, Interneten, hizkuntza erabilerari dagokionez, munduko 35. postua du. Datua balekotzat eman zuen Xabier Isasik, baina lorpena euskaltzaleena izan dela nabarmendu zuen, eta ez hizkuntza politikarena: «Euskaldunak egoskorrak eta sekulako militanteak garelako lortu da».
5.000. Iazko Euskararen Nazioarteko Egunean #5000baietz erronka plazaratu zuen .eus domeinuak , komunitatea zabaltzen eta sendotzen jarraitzeko asmoz. Hilabete eta erdian kopurua hori gainditzea lortu zuten. Horrenbestez, 5.000tik gora dira gaur egun .eus luzapena duten domeinuak, komunitate sendoa osatuz.
Txantxangorria hegan egin ezinik, noraezean…
Zer egin dezaket nik euskararen alde? Horixe biharko ospakizunaren harira Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, erakundeek eta askotariko gizarte eragileek adostu duten adierazpenaren izenburua.
Testua, baina, ez da denon gustukoa izan, eta hainbat sektoretan hautsak harrotu ditu. ELAk, LABek eta Steilasek, esaterako, publikoki adierazi dute ez dutela adierazpena sinatuko, EAEko erakundeek sustaturiko adierazpenean «maila berean» jarri dituztelako «konpromiso indibidualak» eta «erantzukizun politikoa». Agiriaren beraren edukia «erabat lausoa» dela iritzi diote sindikatuek.
Xabier Isasik ere gogor gaitzetsi zuen adierazpena Donibanen eman zuen hitzaldian. «Umiliagarri eta iraingarria iruditu zait», esan zuen. «Bereziki mingarria da euskaltzaleok etengabe ari garelako euskararen alde, zertarako eta 2016. urtean Eusko Jaurlaritzak guri galdetzeko ia zer egin asmo dugun. Eta zuek?», deitoratu zuen. Isasiren ustez, «absurdoa da hizkuntza politikako arduradunek jendeari galdetzea zer egin asmo duten, hizkuntza politikaren erantzukizuna beraiena denean».
Azkenik, hizkuntza politikaz hitz egitean iritzi aniztasuna erasotzat hartu ohi dela ohartarazi, eta eztabaidaren beharra aldarrikatu zuen: «Diferente pentsatzea eta hizkuntza politika zalantzan jartzea ez da euskara erasotzea. Hizkuntza politika eztabaidatu behar da».
Euskararen Eguna ospatzeko hamaika aukera eskura
Iaz bezala, aurten ere, bertso afaria antolatu dute Hondarribian.
Gaur eta bihar ekitaldi asko izango dira Oarsoaldean eta Bidasoan Euskararen Egunari lotuta; Askotarikoak dira jarduerak, adin eta gustu guztietarako aproposak.
Ziurrenik Argitxo iratxoaren bisitarekin hasiko dira gaur Euskararen Egunari lotutako ospakizun asko eta asko. Baina euskararen festa ez da ikasgeletara mugatuko. Plazetan entzungo da gaur eta bihar, ozen, euskararen aldeko aldarria.
Askotariko eragileek antolatuta, hamaika ekitaldi izango dira datozen orduetan herri guztietan. Mintzodromoak, jaiak, antzerkiak, ikus-entzunezkoak… guzti-guztiak helburu berarekin antolatuak: euskarari, festa giroan, bultzada ematea.
Egitaraua
Lezo
Gaur. 17:30ean, Lezoko Gurutze Santuaren plazan, kantu saioa.
Bihar. 10:45ean, txupinazoa. Ondoren buruhandiak eta Muxikoak; 11:45ean, ginkana plazatik hasita; 13:00etan, elkarretaratzea biribilgunean, eta ondoren hitzaldia, Altsasuko gertakarien gainean, Txerrimuñon; 16:30ean, Andoni Oillokiegi; 18:30ean, kontzertua Nonnahi taldearekin; 22:00etan Estu&Larri taldearen kontzertua.
Errenteria-Orereta
Gaur. 11:30ean,
Pausu bat aurrera, Merkatuzarren, Lau Haizetara, Kuadrillategi eta gaztelekuek antolatuta; 19:00etan, Oarsoarrak Saria emateko ekitaldia Xenpelar Etxean.
Bihar. 12:00etan, harrera instituzionala Ipar Euskal Herriko ikastoletako ordezkariei eta Euskararen Eguneko argazkia, udaletxean. Ordu berean, Merkatuzarren, euskararen inguruko bideo emanaldia Gaztetxeak antolatuta; 13:00etan, Zubiak eraikiz ekitaldia, Linon, Orereta, Hendaia, Biriatu eta Kaskarotenea ikastolen eskutik; 16:30ean, Patata Tropikala taldearen
Azken eguzkilorea, Merkatuzarren; 19:00etan, Xenpelar Sariak Niessenen, Lau Haizetara eta Xenpelar Bertso eskolak antolatuta; 19:30ean, ekitaldi nagusia Lau Haizetara elkartearen eskutik Herriko Plazan.
Oiartzun
Gaur.18:00etan, film laburren emanaldia pleno aretoan.
Bihar. Goizean txistulari eta dultzaineroak; 12:00etan haur jolasak eta pintxo postua Doneztebe plazan, mural margotzea gaztetxean eta herri apainketa Kuadrillategikoen eskutik; 12:30ean, Muxikoak Doneztebe plazan; 15:30ean, trikitilari eta panderojoleak Elizalden zehar eta buruhandi eta erraldoiak plazan; 16:00etan, Euskararen Festa, herriko eragileek eta norbanakoek antolatuta; 18:00etan, txokolate jatea; arratsaldean zehar, Korrikaren eta Paperezko Ametsak proiektuaren postuak jarriko dituzte; bitartean, betiko kantuen emanaldia Ibargain Musika Eskolakoen eskutik.
Pasaia
Gaur. Euskararen taupadak ikuskizuna, Irrien Lagunen eskutik, 17:00etatik aurrera, Donibaneko pilotalekuan, Bixi Bixik antolatuta.
Bihar.Donibanen, bertso bazkaria, Bixi Bixi elkartean, Alaia Martin eta Miren Artetxerekin. Txartelak Itziar, Xabiker eta Berezin eros daitezke; Antxon,
Loreak filma, Kultur Etxean, 19:00etan.
Irun
Gaur. 10:30ean, Mintzodromo gaztea Mendibilen; 18:30ean, Irantzu Epelderen hitzaldia, Amaian; 20:00etan, toki berean,
Maitia nun zira dokumentala.
Bihar.Egunean zehar, artisau lanak eta tailerrak San Juan plazan; 12:00etan
Zoozoom antzezlana toki berean; 20:00etan, Jendartean bidaide antzerkia Amaia KZn; 21:30ean, Umorea bakarrizketa Palace tabernan.
Hondarribia
Gaur. 09:00etatik 13:00etara, Gaztedromoa Kasino Zaharrean. Hiru ikastetxeetako 15 urteko ikasleek parte hartuko dute.
Bihar. 11:00etan eta 12:00etan, tren berdean ibilbideak, doan eta euskaraz, San Juan de Dios biribilgunetik abiatuta (izena ematea ezinbestekoa, 943 64 36 77 telefono zenbakian egin daiteke); 12:30ean, Blaganek antolatuta, trikipoteoa Santa Maria Madalenatik abiatuta, eta ondoren bazkaria Olagarro elkartean; 18:00etan, Euskal Olinpiadak Saindua gaztelekuan; 20:00etan
Igelak filma Itsas Etxea Auditoriumean; 21:00etan bertso afaria Itsaslur elkartean (izena emateko: 628 17 05 30 (Rafa).