Gobernuak 19 milioiko aurrekontu proposamena helarazi die oposizioko alderdiei. Hilaren 20an eramango dute osoko bilkurara.
Juan Mari Altuna alkateordea, aurrekontuen zirriborroa aurkezten
19 milioi euroko aurrekontua izango du Hondarribiak heldu den urtean, 2012 urtetik izan duen altuena. Zorrik gabe eta banketxeei itzuli beharreko mailegurik gabe, inbertsioak egiten jarraitzeko egiteko aukera izango du udalak heldu den urtean, baina zuhurtziaz egin nahi du. Hala azaldu du gaur goizean Juan Mari Altuna alkateordeak, komunikabideen aurrean zirriborroa aurkeztu duenean.
Joan den astean oposizioko taldeei helarazi zien proposamena eta heldu den astelehenean, hilak 5, haiekin bilera egingo du gobernuak, aurrekontua azaldu eta zalantzak argitzeko, “emendakinak prestatzeko aukera izan dezaten”. Hortik aurrera, elkarrizketetarako tartea irekiko litzateke. Hilaren 15ean Ogasun Batzordea elkartuko da eta, dena ongi, hilaren 20ko plenoan onartuko dituzte kontuak.
Altunak nabarmendu duenez, 2012 urtetik udalak izan duen aurrekontu altuena izango da” —Altunak 2011 urtea aipatu du, baina 2012koa altuagoa zen oraindik, 2013an jaitsi zen—, 19 milioi euro pasatxo (19.090.000). Iazkoarekin alderatuta, %0,95 igo dira sarrerak, batez ere “Foru Funtsak historian banatu duen diru kopuru handiena banatuko duelako”. Foru funtsak Hondarribiko Udaleko aurrekontuaren %52,3a hartzen duenez, eragin zuzena izan du horrek kontuen igoeran.
Nolanahi ere, eta udalak zorrik ez duen arren, “zuhurtzia” hitza erabili du Altunak aurrekontuak diseinatzeko erabili duten irizpideak laburbiltzeko. “Krisitik ateratzen ari garela dirudi, baina oraindik krisiak familiengan eragina du”, esan du, eta “hirugarren urtez jarraian”, tasak eta zergak izoztuko dituztela gaineratu du. Pertsonalari dagokionez, zerbitzuetarako lanpostu bat kontratatzea aurreikusten du aurrenkontuaren zirriborroak. “Pertsona berri horrekin eta egun daudenekin, zerbitzu hobea eskaini nahi dugu”.
Inbertsioak abiatzeko aukera
Inbertsioei dagokionez, udala agintaldi planean aurreikusiriko inbertsioetako batzuei heltzeko moduan dagoela deritzo alkateordeak. Batetik, martxan diren obra batzuk bukatuko dituzte, haien artean, udal liburutegia (ekainerako), Javier Ugarte eta Santiago Konpostela kaleen hiritartzea (Aste Santurako), eta Muliate II-ko 65 etxebizitzak (abendurako).
Bestetik, beste inbertsio batzuei ekiteko asmoa adierazi du Altunak, esaterako, hiritartze lanak Alde Zaharrean (Bordari-Satarka kalean) eta Portuan (Santiago kalean eta Arrantzale Auzoan), Iturriberriko biribilgunea hobetzeko obra, bidegorri sarea zabaltzeko 200.000 euro jasotzen dituen Mugikortasun Plana, edota Kasino Zaharra inguruan adin guztientzako aisialdirako elementu batzuk ezartzea.
Udal artxibategia Egiluz jauregira mugitzea Elizarekin adostu nahi du udalak
Eta bukatzeko, zenbait proiektu erredaktatu edo erredaktatzen hasi nahiko luke udal gobernuak, eta horientzako partidak ageriko lirateke aurrekontuan. Hondartza futbol zelaia belar artifizialekoa bihurtu eta belar artifizialeko zelaia hobetzeko, Donostia kaleko aparkalekua eraikitzeko, edota udal artxibategia Egiluz jauregira mugitzeko proiektuak erredaktatu nahi ditu udalak.
Gainera, 2017an Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin betirako onartu nahi dute eta horrek aukera emango lioke horren zain dauden proiektuak abiatzeko, hala nola, Mendelu auzoa biziberritzeko plana.