Bilera egin zuten atzo Mendelun. Argi geratu zen auzotarrek auzia lehenbailehen argitzea nahi dutela.
Mendeluarrek begi onez ikusi dute pista laburtzeko erabakia
Aireportuaren inguruko berritasunez hitz egiteko bilera irekia egin zuten atzo Mendeluko auzo elkartean. Txomin Sagarzazu alkatea buru zutela, gobernuko nahiz oposizioko zinegotzi tale batek parte hartu zuen: Juan Mari Altuna (EAJ), Igor Enparan (Abotsanitz), Lore Erriondo (EH Bildu), eta Joxemi Otxoteko (PP). Aurrean, 50 bat auzotar erantzun zion udalaren deiari, aretoa ia betetzeraino.
Alkateak azken mugimenduen berri eman zuen, bai prentsaren bidez ezagututakoez, baita udalak parte hartu duen bileretan hitz egindakoez. Hala, Sustapen Ministerioak Hondarribiko pista 300 metrotan laburtzeko lizitatu duela, eta obra hori 2018ko urtarrilaren 1erako amaituta beharko lukeela jakinarazi zien bildutakoeei. Aireportuko pista 1.754 metro luze izatetik 1.454 metrokoa izatera pasatuko litzateke.
Duela egun batzuk kaleratutako adierazpen instituzionalean adierazi bezala, udalean ordezkaritza duten alderdien jarrera adostasunekoa izan zela nabarmendu dute, aireportuko pista ez luzatzeko eta Mendelu auzorako eta Hondarribiko hirirako begirune gehiago eskatu zuten.
50 bizilagun inguru agertu ziren bilerara eta jarrera parte hartzailea izan zuten, galderak eginez eta gaiaren gaineko iritzia emanez. Kezkatuta eta nekatuta daudela azaldu zuten mendeluarrek eta udalari eskatu zioten “jarrai dezala gainerako eragile eta erakunde guztiak konbentzitzen segurtasunari begira aireportuko pista txikitzea ona dela, bai Mendelurako, bai Hondarribirako”. Auzia lehenbailehen argitzea nahi dutela gaineratu zuten bileran parte hartu zuten bizilagunek.