Bidasoa Bizirik garapen agentziaren ustez, bisitariek esperientzia berriak bilatu nahi dituzte, «eta ondo jatea horietako bat da».
Bidasoa Bizirik garapen agentzian arretaz ari dira pintxoen fenomenoa jarraitzen, Irunen eta Hondarribian hartzen ari den garrantzia ikusita. “Turismo gastronomikoa gorantz doan turismoa” dela ikusirik, Bidasoako pintxoen gida argitaratu dute, bisitarien artean zabaltzeko. Izan ere, eskualdea pintxoen jomuga bilakatzen ari dela ikusi dute: “Bidaiariek esperientzia berriak bilatu nahi dituzte eta ondo jatea horietako bat da. Hemengo establezimenduek txapelketetan izandako agerpenei esker, Bidasoa erreferentziazko leku izatea lortzen ari da”.
Gidan, Eusko Jaurlaritzako Turismo saileko iniziatiba den Euskadi Gastronomika Produktu Klubean izena emanda dauden establezimenduei buruzko informazioa azaltzen da. Dagoeneko mankomunitateko 45 establezimendu sartu dira produktuen klubean, eta gehiago izan daitezen lanean ari da garapen agentzia, aholkularitza landuz: “Programa honi esker, Euskadi Gastronomikak parte hartzen duen azoketako marketin kanpainetan azaltzen dira”.
Establezimenduez gain, ekoizleak ere biltzen ditu Euskadi Gastronomikak, eta tokiko ekoizpenak pintxoen fenomenoan duen presentziarekin pozik dago Bidasoa Bizirik: “Aspalditik produktu lokalaren promozioan ari gara lanean, eta gutxinaka sustapen lan horren emaitzak azalaratzen ari dira”.
Lan horretan, esaterako, zenbait esperientzia enogastronomiko antolatu izan ditu agentziak, tailerrak, dastaketak, bisita gidatuak eta bestelakoak. “Datorren urtean tokiko produktuen gaineko esperientziak antolatzen jarraituko dugu”, erantsi dute. Halaber, azken urteetan Hego Lapurdiko Hiri Elkargoarekin lankidetza sendotu du Bidasoa Bizirik-ek, tokiko produktuen alde.
Enpleguaren Asteko erdia
Zaila da pintxoen inguruan sortzen den fenomenoa dirutan zenbatzea, baina Bidasoa Bizirik-ek argi du eragina oso handia dela. “Zaila da zehatz mehatz sortzen den enplegua eta eremu lokaleko eragina neurtzea, baina XVII. Enpleguaren Astean 78 enpresek 148 lan eskaintza aurkeztu zituzten, 289 lanpostu guztira, eta erdia hirugarren sektorekoak ziren, gehienak ostalaritza sektorekoak”. Bistan denez, ez dira bisitariak pintxoen fenomenoarekin gozatzen ari diren bakarrak.
Euskadi Gastronomikan ageri diren establezimenduen gida kaleratu dute