Egunotan indarkeria matxistaren kontrako hainbat ekitaldi egiten ari dira Irunen, baina ostiralean izan ziren jendetsuenak.
Egun hauetan indarkeria matxistaren kontrako hainbat ekintza egiten ari dira Irunen, eta joan den ostiralean izan ziren ekitaldi jendetsuenak, azaroaren 25a zela kontuan hartuta. Hasteko, udalak antolatutako ekitaldian talde politiko, elkarte feminista eta emakume elkarteetako kideak eta hainbat herritar elkartu ziren.
Jarraian, TAS Txingudi Anti Sexistak manifestazioa egin zuen herriko kaleetan. San Juan plazara arteko bidea egin zuten, eta han, performance bat egin zuten indarkeria matxistaren biktimak gogoratuz. Hain zuzen, Euskal Herrian zazpi emakume hil dituzte aurten euren bikote edo aitek.
Bukaeran, Zabaltza plazan, manifestua irakurri zuten. Indarkeria matxistaren aurrean, aski dela esan zuen TASek, eta emakumeak “nazkatuta” daudela berretsi zuen. Zentzu horretan, agintariei arduraz jokatzeko eskatu zien, “lege asko aldatzeko” daudela iritzita.
Azkenik, elkartasuna adierazi zien mundu osoko andreei, “emakumeen aurkako indarkeria hau desagertzeko, eta jasaten dugun diskriminazioei aurre egiteko indibidualki eta kolektiboki lana egiten duten kideak direlako”.
Hurrengo ekitaldiak
Ostegun honetan, hilak 1, bi hitzaldi izango dira. Batetik,
Indarkeria filioparentala eta genero indarkeria gaia landuko dute, Javier Urraren eskutik, 19:00etan, Amaia KZn, eta, ordu berean, baina Oiasso museoan,
El síndrome del vinagre ikus-entzunezkoa proiektatuko dute, Euskal Herriko nahiz Guatemalako bake prozesuetan emakumeek egiten duten lanari buruz.
Hurrengo egunean, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren eskutik, 19:00etan, Ospitale Zaharrean dokumental bat eskainiko dute. Bertan, indarkeria matxistaren biktima eta erasotzaileen testigantzak entzun ahal izango dira.
Azaroaren 25ean egindako elkarretaratze instituzionala, Zabaltza plazan.