Guztira, udalak 207.000 euro pasatxo bideratuko diru laguntza horietara.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, 273 eskaera jaso dituzte etxeko mantenuari lotutako gizarte larrialdi laguntzetarako. Datu horiek urrira arte bildutakoak dira. Guztira, udalak 207.000 euro pasatxo bideratuko diru laguntza horietara. Laguntza bakoitza gehienez, 92,50 eurokoa da hilabeteko. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzak zehaztutakoa da, udalaren arabera.
Zehazki, honako gastu hauei aurre egitera zuzenduta daude laguntza horiek: elektrizitatea, gasa, ura, telefonoa, HGZ, hondakinak, estolderia edo komunitateko gastuak.
Urtean zehar, diru laguntza horietara bideratutako laguntza handitzen joan dela esan du udalak: “Urte hasieran 557.597 euroko aurrekontua onartu zen, eta apirilean 85.110 euro gehiago bideratu ziren udal funtsetik; uztailean 175.000 euro gehiago eta 100.000 euro urrian”, adierazi du Sergio Corchon Gizarte Ongizate zinegotziak.
Corchonek gaineratu duenez, beste hamalau laguntza gehiago eman dituzte, laguntza berezietan. Kasu horretan, ohiko laguntzen baldintzak betetzen ez dituzten familiek eska ditzakete fakturak ordaintzeko. Horien aurrekontua 180.000 eurokoa da.
Joan den urrian, Irungo Udalak eta Iberdrolak hitzarmen bat sinatu zuten egoera ahulenean daudenei argi edo gas horniketa ez eteteko.
Irungo Udalak 273 eskaera jaso ditu energia gastuei aurre egiteko.