29-33 etxebizitza artean egingo dituzte, eta alokairuan jarriko dituzte.
Oinaurren gazteentzako apartamentuak eraikitzeko proiektua esleitu du dagoeneko Irunviko administrazio kontseiluak. 29-33 etxebizitza artean egingo dituzte, eta alokairuan jarriko dituzte. Lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 2017an hasiko direla aurreratu du Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziak.
Obrak Rehabite Aholkularitza Teknikoa SLP-k egingo ditu, eta lanak esleitzerako garaian, hala nola, arkitektura bioklimatikoaren irizpideak eta A motako eraginkortasun energetikoaren kalifikazioa bermatzea kontuan hartu dituztela esan du Iridoyk. Apartamentuen jabetza udalarena izango da, baina alokairua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du.
Etxebizitza horietako bat eskatzeko 35 urteko muga ezingo da pasatu, eta gehienez, 5 urterako eskainiko dituzte, errotazioa sustatu nahi dutelako.
Ezaugarriak
Lurzorua 1.944 metro koadrokoa da. Lurrazpiko solairuan aparkalekuak egongo dira (29 plaza), goiko solairuan, berriz, (sarrera Jostun kalean egongo da) komunitateko erabilera izango dute. Lehen solairutik aurrera (lau solairu ditu), etxebizitzak izango dira.
Etxebizitza kopuru finko bat ez izatearen arrazoia apartamentuen malgutasuna da, eta bizitokiek bat edo bi logela izango dituzte. Hiru apartamentu egokituta egongo dira gurpildun aulkia erabiltzen dutenentzat.
Gazteei zuzendutako etxebizitza bakarrak ez dira izango Oinaurrekoak. Jaurlaritzak Alberto Lartzabalen 41 apartamentu eraikiko baititu. Horiek ere 2017an hasiko dira eraikitzen.
Oinaurreko alokairuko etxebizitzak.