Hondae elkarteak Jose Antonio Azpiazuren hitzaldia antolatu du ostegunerako. Euskaldunen ausardia historian izango du hizpide, eta bereziki, hondarribiarrena.
Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak (Hondae) hitzaldi interesgarria antolatu du ostegunerako, abenduaren 1erako. Jose Antonio Azpiazu antropologo eta historialari legazpiarrak
Aro modernoko euskaldunak munduan zehar, hondarribiarrak modernitatean goiburuko hizketaldia burutuko du. Hondaek azaldu duenez, jende askoren usteak hankaz gora jarriko ditu Azpiazuk: “Euskal Herria ez dela herri atzeratua, itxia, txiroa, baztertua izan erakutsiko du. Modernoa, aberatsa, munduari irekia izan garela”.
Azpiazuk uste du euskaldunok ez dugula Euskal Herriko historia behar bezala ezagutzen, eta gure arbasoen ondarea mespretxatu dugula. Bere hitzaldian, historian marka utzi zuten euskaldunen errepasoa egingo du Azpiazuk, “munduan zehar ausartak” izan zirenak. Eta gainera, “Euskal Herrian herri moderno, eraginkor eta ausart bat egon baldin da, hori Hondarribia” izan dela uste du hizlariak. Mugako herria izanik eta itsasoa bertan edukita, historian bereizi ziren hondarribiarrak aipatuko ditu historialariak.
Ostegunerako antolatu du Hondaek Jose Antonio Azpiazuren solasaldia, eta euskaraz izango da. Kultur Etxean da zita, 103 aretoan, 19:00etatik hasita.
Azpiazu, ‘Y los vascos se echaron al mar’ liburua aurkeztu zuenean