Semea-alabak hezteko nolako herria behar den aztertuko dute Hondarribiko Udalak eta Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak antolatutako jardunaldian.
Berrotaran eta Zuazua, osasun jardunaldiaren aurkezpenean
Hondarribia. Herri osasuntsua goiburuko osasun jardunaldia egingo dute bihar, asteartez, Kultur Etxeko areto nagusian, 18:00etan hasita. Nestor Sangroniz Akarregi gizarte hezitzaile eta irakasleak dinamizatuko du eta, herritar guztiei irekita dagoen arren, bereziki gurasoei zuzenduta dago. Udaleko Gazteria eta Hezkuntza departamentua eta Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzua dira antolatzaileak, eta ostiralean aurkeztu zuten. Bertan izan ziren, Arantxa Berrotaran Gazteria zinegotzia eta Nerea Zuazua Prebentzioko arduraduna.
Berrotaranek azaldu zuenez, “gure seme-alabak komunitate osasuntsuago batean hezteko helburuarekin” egingo da
Hondarribia, herri osasuntsua tailerra. Bigarren ekitaldia izango da aurtengoa eta, iazkoarekin alderatuta, parte hartzaileagoa izatea nahi dute. Horregatik, jardunaldia Sangronizek dinamizatuko duen arren, gurasoek galderak egitea eta zalantzak azalaraztea da helburua. “Astearteko saioak aktiboa eta irekia izan nahi du”, argitu du Berrotaranek.
Zinegotziak azaldu zuenez, hainbat saio burutu dira dagoeneko, ordu eta erdiko hiru tailer parte hartzaile, hilaren 7, 8 eta 10ean. Saio horietan, besteak beste, gurasoek euren seme-alabentzat herriari zer eskatzen dioten eta Hondarribiak zer eskaintzen duen aztertu zuten. Asteartean, aurreko saioetan egindakoa bilduko dute, eta horren gainean eztabaidatuko da.
Zuazuaren hitzetan, “komunitate osoak du zerbait funtsezkoa emateko”, eta herritarrei dei egin zen osasun jardunaldira hurbiltzeko. Nabarmendu zuenez, komunitateko ahalik eta partaide gehienen ikuspegia ezagutzea oso garrantzitsua da herri osasuntsua eraiki aldera.
Besteak beste, drogen lege berria eta arlo hori lantzen duen udal plana aztertuko dituztela gaineratu zuen Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuko arduradunak.