Hirugarren aldiz egingo dute Bidasoa Atletiko Taldearen eskutik, eta aurten, abenduaren 17an izango da.
BAT Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Gabonetako Krosa finkatutako ekitaldia dela nabarmendu dute gaur goizean egin dute aurkezpenean. Hirugarren aldiz egingo dute aurten, abenduaren 17an, eta ibilbidea mantendu egingo du BATek. 5 kilometro horietan zehar, korrikalariek musika lagun izango dute, eta asko mozorrotuta aterako dira. Hala, kirola baino gehiago festa bat izango da.
Bakarka edo koadrilan aurkezteko aukera izango da, eta mozorrotuta ateratzen direnek saria ere izango dute. Horrez gain, Peña poteo txarangak alaituko ditu kaleak, eta BATek berak ere musika jarriko du ibilbidean zehar.
Gabonetako krosa elkartasun lasterketa da, eta izen ematearekin ordaintzen den kopurutik, euro bat erakunde edo elkarteren batera bideratzen dute. Aurtengoan, TAS Txingudi Anti Sexistak eta berak antolatutako Asun Casasola Ipuin Lehiaketak jasoko du.
TASeko kiderik ezin izan da agerraldira bertaratu, baina eskerrak eman dizkio BATi, eta horri esker, berdintasuna eta oinatzek bat egingo dutela esan dute. Hain zuzen, Ibon Muñoz BATeko zuzendari teknikoak gogorarazi du lasterketak emakumeen partaidetza handia duela, %33koa. Edonola ere, emakume guztiak animatu ditu aurten ere parte hartzera.
Emakume bat izango da aurtengoan lasterketaren amabitxia: Susana Ferreira artista eta BATeko atleta eta entrenatzaile izandakoa. Berak ere esker ona izan du BATekiko.
Kros txikia
Helduentzako krosarekin batera, kros txikia ere egingo dute haurrei zuzenduta. Haurrak kirolaren munduan sartzea du helburu, eta 1etik 13 urtera artekoek euren neurrira egokitutako lasterketak izango dituzte, 15:30etik aurrera. Horrez gain, AFIren argazki lehiaketa ere martxan jarriko dute, eta proban zehar ateratako argazkiak sarituko dituzte.
Izen ematea irekita dago, eta abenduaren 1era arte eginez gero, 9,90 euro ordaindu beharko dira. Abenduaren 1etik aurrera, 13 euro ordaindu beharko dira, eta lasterketaren egunean bertan 18 euro. Aurten prezioak jaitsi dituztela esan du Muñozek parte hartzea pizteko, iaz, zertxobait jaitsi baitzen. Izena
webgune honetan eman daiteke. Haurren proba doakoa da.
Lasterketan lagundu dute Super Amara, Bidashop eta Irungo Udalak.
Gabonetako krosaren aurpezpenean BAT, Super Amara, Irungo Udala eta Bidashopeko arduradunak, Iñigo Lavado jatetxean, Ficoban.