Indarkeria matxistaren kontrako mezua zabaltzeko eguna da gaurkoa.
Gaur da Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Biolentzia matxista salatzeko, gaitzesteko, aski dela esateko jardunaldia. Kolore moreak Hondarribia hartuko du eta leku guztiak dira egokiak mezua zabaltzeko: eskolak, udala, lantokiak, gaztelekua, kalea…
Hondarribiko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, Istanbuleko Ituna bezala ezagutzen den Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmena-rekin bat eginez. Alderdi guztien (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) aldeko botoarekin onartu zen testua. Udalak konpromisoa hartu du, “hitzarmenean xedatutako neurrien kalitatezko estandarrak eta betearazpen-maila egiaztatzeko, baita gai horri loturiko nazioarteko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko beste arauetakoak ere”.
Ekintza zehatzei dagokionez, Saindua Udal Gaztelekuan indarkeria matxistaren kontrako murala prestatzen aritu dira astean zehar (argazkian). Gaur bukatuko dute eta arratsaldeko seietan gaztelekuko balkoian jarriko dute. Gainera, indarkeria matxistaren kontrako txapak banatuko dituzte gazteek.
Itsas Etxean, berriz,
pelikula gazi-gozoa proiektatuko dute gaiari lotuta. Diego Lerman argentinarrak, biolentziaren aurrean ihes egitea erabakitzen duten ama-semearen istorioa kontatzen du.
Refugiado film gogorra da, baina era berean entretenigarria, eta suspentsez betea. 19:30ean hasiko da proiekzioa eta sarrerak 3 euro balio du; leihatilan, emanaldia hasi baino bi ordu lehenagotik eros daitezke.
Ordu berean hasita, manifestazioa egingo dute Irunen, Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak antolatuta. Zabaltza plazatik abiatuko da, eta bertan bukatuko; ibilbidean San Juan plazatik pasako da eta bertan “zerbait berezia” egingo dutela aurreratu du TASek.
Sainduan murala egiten ari dira eta 18:00etan balkoian jarriko dute